Urrats dantza taldeak plaza dantzen ikastaroa antolatu du datorren ikasturterako. Irailean hasi eta ekainera bitarte, astean behin, astegunez eta arratsaldez, ordubeteko dantza saioa eskainiko da kiroldegian - egutegi eta ordutegi zehatza irailean adostuko dute parte hartzaile eta irakaslearen artean-, irakasle profesional batek gidatuta. Gainera, ikasturtean zehar, gonbidatu eta kolaborazio bereziak izango dituzte.
Ikasketa eta kirola
Saioetan, euskal plaza dantzak praktikatuko dituzte: fandango eta arin-arina, dantza jauziak, polkak, banangoa, korroak eta beste hainbat. Helburua bikoitza izango da: batetik, dantzak ikastea ondoren plazetan dantza egin ahal izateko eta bestetik, kirola egitea, fisikoki sasoian egoteko.
Izen-ematea zabalik
Ikastaroan izena emateko aukera zabalik dago irailaren 6ra arte. Horretarako, online fitxa bete daiteke edo bestela 605706086 telefonora idatzi. Aurreinkripzioa uztailean egin zen eta dagoeneko 20 pertsonak emana dute izena ikastaroan. Ikastaroan zehar ordaindu beharreko kuota irailean erabakiko da izena eman duten pertsona kopuruaren arabera.