Urratsek otsailaren 17an (barixakua) ezarri du aurtengo lehen dantza hitzordua: Aratosteetako dantza-kalejira. Egun horretan, ikastetxeko gaztetxoek ospatuko duten Euskal Aratosteei segida emanez, arratsaldeko 18:00etan, dantza-kalejira egingo dute Plaza Zaharreko karpatik abiatuta. Asmoa da herriko musikariak lagun hartuta, adin guztietako dantzazaleek herriko kaleetan elkarrekin dantzan egitea: aratosteetako dantzak, polkak, plaza dantzak (fandango eta arin arinak, mutxikoak…) eta abar.
Hala, datozen asteetan, bi domekatan, saioak irekiak egingo dituzte dantzak praktikatzeko. Hala, urtarrilaren 29an eta otsailaren 12an kiroldegiko ginmnasioaren aldameneko gelan elkartuko dira, goizeko 11:00etatik 12:30era bitartean.
Jantziei dagokienez, Urratsek proposatzen du euskal aratosteetako jantziekin ateratzea eta horretarako hainbat osagarri eskainiko ditu: zakuak, kapelak, koloretako zintak… Dena den, janzkera librea izango da eta kalejiran bakoitza nahi duen moduan jantzita atera ahalko da.
Dantza taldetik herritar guztiak gonbidatu dituzte ekimenean parte hartzera.