Dantza-saio irekiak, elkarrekin negua goxatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Urrats dantza taldea 2021ko abe. 11a, 14:06

Dantza jauziak Zubi nagusian, aurtengo Santa Ana egunean.

Domeka honetan hasi eta martxora bitartean, Urrats dantza taldeak hiru dantza-saio ireki antolatuko ditu neguan ere herritarrei dantzarako eta gozamenerako aukera eskaini asmoz. Saio irekietan, dantza-jauziez gain, bestelako hainbat dantza egingo dira, tarteka, herriko musikariak eta Patxi Montero irakaslea bidelagun hartuta. 

Lehen saioa domeka honetan bertan egingo dugu, 11:00etan hasita, Frontoi zaharrean eta zuzeneko musika izango dugu gainera, herriko musikarien eskutik. Lehen saio honetan, batez ere, dantza-jauziak dantzatuko ditugu baina egingo ditugu fandango eta arin arin batzuk ere.
 

Urtarrilean Patxi Monterorekin

Bigarren saioa urtarrilaren 30ean (domeka) egingo dugu, ordu eta leku berean, baina oraingoan, Patxi Montero dantza irakasleak gidatuko du. Patxirekin, jauziez gain, beste dantza batzuk ere egingo ditugu, polkak eta abar. 
 

Otsailean inauterietako dantzak

Azkenik, otsailaren 26an (zapatua) egingo dugu neguko azken saioa, eguerdian, Plaza Zaharrean. Aratosteen bueltakoa izango da hirugarren hau eta jauziekin batera, inauterietako hainbat dantza ere egingo ditugu. 
 

Gonbitea dantzale guztiei

Hortaz, dantza taldeko kideok Soraluzeko dantzazale guztiak gonbidatu nahi ditugu neguko saiootara, bertan elkarrekin dantza egin eta gozatzera. Saioak irekiak izango diren arren, komeni da lehen aldiz datorrenak izena ematea, komunikazioa eta antolakuntza errazteko: 652 741 496 telefonoan edo urratsdantza@gmail.com e-postara idatzita.
 
Gora bihotzak! Batu dantzara!