Hitzaldian zehar dantzarekin lotutako hainbat gai izan zituen hizpide, besteak beste: Soraluzek eta Eibarrek dantzari dagokionez 50eko hamarkadan izan zituzten harreman estuak (Danok bat ), dantzaren izaera unibertsala, gorputz-hizkuntza kontzeptua eta ikuspegi horrek dantzari hizkuntzaren biziberritzean ematen dion garrantzia, aurreskuaren eta soka-dantzaren bilakaera “desastrosoa”, Antolin Zubizarreta Soraluzeko aurreskulari famatuaren gaineko informazioa, euskal dantzen jatorrizko izaera mixtoa (generoari dagokionez), emakumeentzako debekuak eta azken urteotan bereizketarik gabeko eredurantz itzultzeko indartu den joera, euskal dantzekiko gutxiespena…
Araolazak nabarmendu zuen euskal dantzak “bidegurutzean” daudela eta ohartarazi zuen azken urteotan “gure gorputz-hizkuntzaren arauak ahaztu” ditugula.
Azken batean, hitzaldi osoa uler liteke dantzazale eta dantza taldeei egindako gonbite gisa. Gonbitea gure dantzen historia ezagutu, ulertu, eta dagokien balioa eta funtzioa eman nahi dien hausnarketaren sokara batzeko.