Honela dio hitzaldia aurkezteko dantzari eibartarrak bidalitako mezuak: "Dantza gorputzarekin komunikatzeko erabiltzen dugun hizkuntza bada eta euskara bada euskaldunon berbazko hizkuntza, ez ote da euskal dantza euskaldunon gorputz hizkuntza? Euskaldunok gure gorputz-hizkuntzarekin, euskal dantzarekin egiten ari garenaz hitz egingo dugu, berbazko hizkuntza, euskara biziberritzeko eginahalak egin ditugun bitartean nola gorputz hizkuntza, euskal dantza, alboratzen joan garen. Aurreskuarekin gertatu dena ikusiko dugu horretarako, nola euskaldunon gorputz hizkuntzaren adierazpide nagusia izan dena, urte gutxitan desitxuratu, zentzua galdu eta zaborretara bota ondoren, gaur egun, erabilera eta zentzua galduta hil zorian dagoena”.
Dantzan aritua eta aditua
Elgoibarren jaio (1972) eta Eibarren hazi den dantzaria da. Eibarko kezka dantza taldean eta Donostiako Argia dantzari taldean aritzen da dantzari. Dantzan.eus webgunearen sortzailea eta editorea da, euskal dantza eta generoaren inguruan ikertu du Euskal Herriko Unibertsitatean Mikel Laboa katedraren babesean. Informazio Zientzietan eta Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziatua, Musikologian egin zituen doktoretza ikastaroak, Artearen Historian eskuratu zuen ikasketa aurreratuen agiria, eta Gizarte Komunikazioan doktore tesia egin du euskal dantza eta generoaren inguruan. EHUn Euskal dantzari buruzko ikasketetan (2016-2017) irakasle aritu da eta Dantzertin, Euskadiko Arte Dramatikoa eta Dantzaren Goi Mailako Eskolan euskal dantza irakasle izan da (2017). “Gregorio Santa Cruz dantza-maisua (Ego-Ibarra, 1998), “Euskal Dantza” (Etxepare, 2012) eta “Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan” (UEU, 2020) liburuak argitaratu ditu eta Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Euskal Kontseiluko kidea da.