Azken hilabeteotan, herriko dantzazale eta musikari batzuk dantzaren inguruko proiektu berria landu dugu: Soraluzeko dantza-jauzia. Proiektua edozein adinetako herritarrei zuzendua dago, egungo garaira egokitua da, eta denboran mugatua, apirilean hasi eta uztailean amaituko da eta.
Proiektuaren mamia sinplea da: Plazentziatarrak izeneko dantza-jauzia sortu dugu eta udaberrian dantza horren pausoak ikasteko hainbat saio antolatuko ditugu, eta, ondoren, uztailean, elkarrekin dantzatuko dugu herriguneko leku zabal batean.
Ekimenaren helburua da pandemia garaian herriko dantzazaleei elkarrekin batu eta dantza modu seguruan egiteko aukera eskaintzea.
Alde horretatik, esan behar da, jauziak edo mutxikoak euskal dantza zirkular kolektiboak direla, kontaktu fisikorik gabekoak.
Saio irekiak, dantza ikasteko
Apirilean hasita, saio irekiak antolatuko ditugu dantza-jauziak ikasteko, goiko ikastetxeko patioan. Lehenengo saioa apirilaren 18an egingo dugu, domekan, 11:00etatik 13:00etara bitartean eta bertan batzen garenon artean zehaztuko ditugu hurrengo saioen egun eta orduak.
Izen-ematea
Izena emateko online-formularioa bete behar da apirilaren 8a baino lehen: labur.eus/soraluzedantzan. Bestela, 652 741 496 telefonora edo urratsdantza@gmail.com -era ere idaz daiteke.