Arlo profesionalean, zeramikari gisa eman ditudan 20 urteetan, gehien saldu den zeramika pieza sorginak izan dira. 10 urte eman ditut sorgin nagusi gisa parte hartzen San Juan suaren gauean edo Udate Gabean. “Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik: sorginak izaten jarraituko dugu”. Sorgin dantza dantzatzen. Azken martxoaren 8an aldarrikatu genuen "Gu gara erre nahi izan zutenen bilobak”, eta, jakina, nire alde erotikoan, dastatu dut ni boteretsu sentitzea, fantaseatuz orgia haiekin eta plazerez hegan eginarazten zieten ukendu haiekin, gure gorputz eta sexuen jabe izanik".
Orain, jakin dut Akelarre hitza Inkisizioak asmatu zuela burutu zituzten astakeriak eta ankerkeriak justifikatzeko, gure lurra estrategikoki, politikoki eta ekonomikoki menperatzea helburu bakar zutela.
Kontatu digutenez, sorginkeriaz akusatu zituzten emakume askok, krudelki torturatu ostean ere, jarraitu zuten ukatzen sorginak zirela, eta torturatzaileen eskuetan hil ziren, zer leporatzen zieten ere ez zekitela, ez baitzekiten sorgin berbak zer esan nahi zuen ere. (Ondorioz, orain, eztarrian trabatuta daukat sorgin berba eta ez zait egokia iruditzen kutsu aldarrikatzailez erabiltzea, jakinik, haiek hil arte ukatu zutela).
Baina orain zer? Nola jarrai dezaket bizitza propioa ematen nire bizitza osoan mantendu dudan kontzeptuari? Nola desegin emakumeen sektore eta belaunaldi bati sinbolo feminista itxura ematea kosta zaiguna?
Zuek kontatzen duzuen guztia ukatu gabe, ahaleginduko naiz nire buruan mantentzen ikuspegi hura zeinak sorginak irudikatzen dituen Grimm anaiek edo Jules Micheletek bezala, emakume jakintsutzat, jakintza-transmisoretzat eta Europako antzinako nazioetan Eliza Katolikoari aurre egiten zieten aktibista gisa. Herri mailan ikuspegi hori mantentzen da, dokumentalki oinarririk ez duen arren, Pau Castell historialariak kontatu digunez.
Izan ere... Eta posible balitz sinestea denbora honetan guztian izan dela transmititzeko borondate bat, desio bat sorginkeriagatik salatu eta torturatu zituzten emakume haiena, entzun diezaiegun, eta haiek ukatu zuten hitza eta irudia guk erabil dezagun, hain zuzen ere estatuei, elizari, boteretsuei gogorarazteko, haiek herri bat zigortzeko sortu zuten kontsigna bihur daitekeela borrokan jarraitzeko ikur?
Asisko, Helena, ez duzue uste posible litzatekeela hain mimo handiz koadernatutako liburu eder horri eranstea ohar txiki bat, non aipatu ahalko liratekeen emakume ausart, diztiratsu, sexual, adimentsuak, plazerez hegan egiteko aukera ematen zieten erratzak inork ez bezala erabiltzen zekitenak?
Eta esango duena, Inkisizioak akelarre hitza sortu aurretik, emakumeok batzarretan elkartzen ginela, geure gorputzez gozatzeko, eta gainerako gizakiekin gure plazera eta askatasuna partekatzeko?
Ironia eta umore pixka batez egindako iradokizun bat besterik ez da, zuen lanak sortzen didan errespetuarekin batera. Baina ez nuke nahi hau guztia, gure mitologiaren zatia, ahalduntzen eta jakintsu bihurtzen gaituen alderdi hori, galdu eta erabat ezabatzerik, sorginkeriarena aitzakia hutsa izan zela argi eta garbi edukita.
Ia ziur nago, zuen liburuaren zorroztasunaren eta nire ametsen artean, badugula espazio bat elkarrekin lotzen gaituena, hegan egiten jarraitzeko aukera emango diguna... hori bai, Sugarren Mendek kontatzen duen istorioa ahaztu gabe, baina jakinik gutako askok sorgin izaten jarraitu nahi dugula.