Gutuna

DebaBarrena mankomunitatearen iragarkiari begira

Erabiltzailearen aurpegia Tere Guenetxea 2021ko abe. 29a, 08:56

Mankomunitatearen iragarkia.

Abenduko aldizkariaren kontrazalean, Debabarrena Mankomunitatearen iragarkiak zera dio: “Gabonetan ere, hondakinak briziklatu eta izan garbi!” “Denona da!“, eta nire bilobak zera galdetu dit serio serio: “Hemen nun dao Mari Domingi? Meltxor, Noel Aita eta Olentzero, danak dira gizonak, eta emakumiak nun gare?”.

Momentu horretan nik bilobari begira sentitu dudan harrotasunaren erdia sentituko balu lotsatik DebaBarrenak, plurala izan nahirik, hiru pertsonaia maskulino darabilzkien iragarkia argitaratu duenean, inongo emakumeri lekurik egin gabe, eskatuko luke barkamena eta  publizitate-iragarki hori berehala zirkulaziotik kenduko luke.

Zerbait ondo egiten ere badihardugu, baina a zer nolako lana dugun kolektibo oso batek egunez egun, erakusteko emakumeak herri honen parte garela. Bitartean, ikusi dut gure bilobek -gure alabengandik jasotzen diharduten heziketa konprometituari esker-  gaitasuna dutela iragarki soil bati betaurreko moreekin begiratzeko, eta hori haize freskoa eta energia txute bat da borroka honetan jarraitzeko.

Ostera, ulertezina eta onartezina iruditzen zaidana da DebaBarrena Eskualdeko Mankomunitateak, Mallabia, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutrikuko Udalerrien artean osatutako elkarteak, argitaratzea emakumerik egri ez duen iragarki hau, emakumezkoak desagerraraziz eta ikusezin bihurtuz, jakin arren Mankomunitate horren zergadunen %50 baino gehiago emakumeak garela.

Nik ez dut zalantzarik aipatutako herrietako emakume gehien-gehienek konpromiso serioa dugula birziklapenarekiko, eta ondo baino hobeto ulertzen dugula “Denona da” esaldia zaborra birziklatzeari gagozkionez. DebaBarrenak azal al diezadake iragarki honetan zela justifikatzen duen “Denona da” esaldia berdintasunarekiko?

Argi izan dezagun bizi-kalitateak, zaborren birziklapenak, ekologiak, kulturak, bizikidetzak, giza-harremanek, herri baten idiosinkrasiak, DEN DENAK, benetakoa izango bada, filtro moreatik pasatua behar duela.

Publizitate-iragarki hau kaleratu izanak adierazten du zerbait ez dela ondo egiten ari, gutako asko lotsarazteaz gain, agerian uzten baitu ez direla betetzen ari protokoloetan jasota dauden irizpideak, zeinak sinatuak dituzten erakunde publikoek.   

Egin dezagun ahalegin bat. Bada ordua!