Lurgaia Fundazioko kideek gidatuta eta herriko berrogei naturzaleren laguntzaz, lau ordu inguruan sartu ditugu 280 landareak eta eguerdiko ordubaterako amaitu dugu landaketa.
Hasieran uste genuenaren kontra, lursail osoa sasiz estalia izateak asko erraztu dizkigu landaketa-lanak; izan ere, sasiari esker, azpiko lurra samur-samurra eta xehe-xehea zegoen, atxurrarekin eta palarekin erraz zulatzeko moduan. Lurgaiako teknikariak azaldu duenez, "baso mixtoak eratzeko orduan, sasia ez da oztopo izaten, aliatu baizik, lurrari samur eta heze mantentzen laguntzen diolako. Sasia birsortze naturalerako prozesuaren parte da eta 15-20 urteren ondoren, desagertu egiten da, zuhaitzen gerizpean. Sasiek zuhaitz landareentzako duten arrisku bakarra, azpian hartzea da, eta hain justu, horixe eragozteko ezartzen diogu landare bakoitzari plastikozko babesgarri bana. Gainera, babesgarri horrek animaliengandik ere babestuko du landarea".
Hektarea eta erdiko lursaila da gaur landatu dena, Azaliatxo baserriko bizilagunen jabetzakoa. Jabeek eta Lurgaia Fundazioak sinatutako hitzarmenari esker, gaur sartutako landareak darozen hogei urteetan inolako mozketarik egin barik haziko dira.
Guztion desioa da etorkizunean, poliki-poliki, gaur sartu ditugun haritzak, urkiak, sagarrak... haztea eta eremu horretan bertako zuhaitzez osatutako mixto ederra eratzea, hainbat animalirentzako bizileku izango dena eta naturzaleondako gozagarri. Hori dela eta, eskerrik asko gaurko landaketa posible egin duzuen naturzale guztioi!
Datorren zapatuan, Gizaburuagan eta Atxolinen, Udalak antolatuta
Datorren zapatuan, baso mixtoa eratzea helburu duen beste landaketa bat egingo da; oraingoan, Gizaburuaga eta Atxolin inguruko lursail publikoetan, aurretik hainbat pago landare sartuta dauden eremuan. Han ere, mota askotako zuhaitzak sartuko dituzte, berrehunetik gora.
Landaketa hori Soraluzeko Udalak antolatu du Lurgaia Fundazioarekin elkarlanean eta Baso Biziak Elkarteak bere bazkideen artean zabalduko du deialdia nahi duenak bertan parte har dezan.
Landaketan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da info@lurgaia.org helbidean. Parte hartzaileak goizeko 9.00etan elkartuko dira, Urtiazelain.