'Tipularen sehaska kanta' filma martitzenean antzokian

Martitzenean Tipularen sehaska kanta, Lander Garrok zuzendutako film-dokumentala proiektatuko dugu antzokian; espetxean gaixotasunak eragiten duen samina azalera ekarri nahi duen ikusentzunezkoa. Filma 1942an kartzelan hil zen Miguel Hernandez poeta espainiarraren Nana de la cebolla olerkitik abiatzen da, analogia historikoa eginez: "1936ko gerran preso hiltzeak zentzurik ez bazuen, zentzurik ba ote du gaur?". Emanaldia Soraluzeko Sarek antolatu du Soraluzeko Udaleko Kultura Sailak lagunduta eta 20:00etan abiatuko da.  

Diagnostiko bat egiteko edo tratamendu bat izateko medikuarenera joatea gauza arrunta da kanpoko munduan. Baina preso den ororentzat bide oso zaila edo ezinezkoa da. Lander Garro, zuzendaria, kartzelan gaixo egotearen esperientzia bizi izan dutenengana joango da, zer ondorio duen hobeki ulertzeko. Diskurtso politikotik harago doan hizkuntza erabiltzen du, osasunerako eskubiderik ez duten presoen indefentsioa emozioen ikuspegitik esploratuz, artefakto zinematografikoaren bidez. Film politikoa baino gehiago film artistikoa da Tipularen sehaska kanta, lehen pertsonan eta hesteetatik kontatua.