Batzarraren lehenengo partean, testuinguru sozial eta politikoaz jardun genuen: Iparraldean, gizarte mugimenduaren ekimenez sortutako Bakearen artisauak mugimenduak egin duen bideaz, eta erakunde armatua (ETA) desagertzeak sortu duen eszenatoki politiko eta sozial berriaz… Orohar, aipatu zen, momentu honetan, iparraldean zein hegoaldean, gizartearen gehiengo zabalak begi onez ikusten duela presoak Euskal Herrira gerturatzea, eta, beraz, momentu hau baliatu behar dela askotariko herritarren babesa lortu eta oinarrizko giza-eskubideak errespetatu arazteko.
Sarek lau eskakizun nagusi ditu momentu honetan: presoak hurreratzea, larriki gaixo daudenak etxeratzea, lehen gradua kentzea, preso egindako urteak kontabilizatzea…
“Orain presoak” kanpaina
Datozen hilabeteotan, Euskal Herriko Sare Herritarrak “Orain presoak” kanpaina bultzatuko duela jakinarazi zuten. Herrietan eta nazio mailan hainbat ekimen bultzatuko dituzte, presoen gaia eztabaida politikoaren erdigunean ezarri eta urgentziaz konpondu beharreko arazotzat har dadin. Horretarako, mobilizatzeko eskatuko zaio euskal gizarteari, herritar eta gizarte mugimenduen laguntza bilatuz (40 pertsonalitatek agerraldia egingo dute ddatozen egunotan). Mobilizaziorik handiena urrirako iragarri dute, Bilbon. Bitartean ekimen gehiago ere iegingo dira: uda aurretik bizikleta-martxa egingo dute Mon de Marsan espetxetik eta Zaballarakora, udako zozketa berezia ere egingo da finantziazioa ziurtatzeko…
Soraluzen, murala eta bisita
Soraluzeko Sarek ekimen propioak garatu nahi ditu herrian. Ekainean, Plaza Berriko murala berritu nahi genuke, herriko marrazkilarien laguntzaz momentuan egokia den irudi eta leloa marraztuta. Horrekin batera, beste ekimen ezberdin batzuk ere baditugu gogoan, baina horien berri datozen hilabeteotan emango dugu.
Horiek eta beste hainbat izango dira datozen hilabeteotan Soraluzeko Sarek landuko dituen ekimenak, guztion arteko elkarbizitza lantzeko bidean ezinbestekoa baita, lehen bait lehen, presoen eta senideen alferrikako sufrimendua amaitzea.