Sutan Epeltzen fasea amaitzera doa. Hilabete honetan amaituko dugu Gaztetxeko prozesua!

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko gazteria 2019ko eka. 19a, 17:06
Bi urteotan dinamika ugari antolatu dira zubiko gunearen inguruko gogoeta bideratzeko (2018ko apirila).

Sutan epeltzen fasearen bukaera... Beste zerbaiten hasiera! Hilabete honetan emango diogu Gaztetxeko prozesuari amaiera! Azken saioa, EKAINAK 27an izango da, arratsaldeko sei t'erdietan, Gaztetxean.

Azken saio honen helburua, aurreko saioari jarraipena eta bukaera ematea izango da (antolakuntza eta funtzionamenduaren inguruan berba itxia eta gauzak adosten juatia). Jakin, gune honen etorkizunaren parte izan nahi duen guztia gonbidatuta dagoela.

Hemendik aurrera jada, Prozesu lan taldeak, prozesua diseinatu eta dinamizatu dugunok, gure lana sortzen den talde horren esku lagako dugu. Hau da, saio horretatik irtengo da Gaztetxearen etorkizunari begira jarriko den lan talde, talde edo lagun taldea.

Beraz, ekainaren 27an prozesua bukatutzat emango dugu!

Azken osteguna barrari dagokionez

Bestetik, aipatzekoa da prozesuak iraun duen denbora guztian zehar ia ostegunero zabalik izan dugula Gaztetxeko barra (beste hamaika ekintza bertan egin diren bezala) eta, beraz, gaztetxia bera.

Gogoratu ostegun hau izango dela prozesu bitartean barra zabalduko den azken osteguna.

Lehen aipatu bezala, ekainaren 27tik aurrera prozesutik sortutako lan-taldeak erabakiko baitu nola gestionatuko den Gaztetxia uztailetik aurrera.

Eskerrak eta aurrera begira 

Prozesuaren lan-taldetik eskerrak eman nahi dizkizuegu prozesuan parte hartu duzuen denoi, norbanako zein taldeei. Horrekin batera, eskertu nahi dugu epeak bete ez ditugunean izan duzuen pazientzia. Jakin, bide honetan, gu saiatu garela gure lana ahal izan dugun modurik onenean egiten.

Eskerrak Gaztetxeko gestioan parte hartu duzuen talde zein norbanakooi ere, horrek egin baitu posible Gaztetxea erabiltzeko eskaerei erantzuna eman ahal izatea eta noizean behin behintzat Gaztetxia zabalik edukitzea!

Azkenik, indar asko eman nahi diogu ekainaren 27an sortuko dugun taldeari. Ea, guztion artean, hemendik aurrerako bidea marrazten dugun!