Urtebeteko geldialdiaren ondoren, badator berriz ere Plazatik Gaztetxera bere XVI. edizioan. Apirilaren 5ean emango diogu hasiera txapelketari Oñatin.
Azken urteetako ohiturari jarraituz, beste behin zazpi saio izango dira baina aurten banakako txapelketa izango da berriz ere, bertsolari askoren urteko plaza bakarretakoa denez ariketa gehiagotan aritzeko aukera izan dezaten. Guztira, 24 bertsolarik hartuko dute parte aurtengoan eta Deba, Soraluze, Ondarru, Eibar, Itziar, Zestoa eta Oñatiko gaztetxeetan jokatuko da.
Kantatzeko aukera
Gure helburuak hasiera batean jarri zirenak izaten jarraitzen dute. Urterik urteko lanarekin gure herrietako zein Euskal Herriko plaza gutxi dituzten bertsolari gazteei kantatzeko aukera eman nahi diegu, eta era berean, bertsoa gazteengana gerturatu. Hau guztia aurrera atera ahal izateko, zazpi gazte asanbladetako kideok elkarlanean dihardugu, txapelketari berari forma bateratu bat eman nahian.
Hiru fase
Txapelketak, hiru fase edukiko ditu. Lehenengo fasean, lau kanporaketa burutuko dira, eta kanporaketa bakoitzean sei bertsolarik parte hartuko dute. Saio bakoitzetik hiru bertsolari sailkatuko dira finalerdietara, sailkatuak epaimahaiak erabakiko ditu. Bigarren fasean bi finalerdi izango dira. Horietako bakoitzean seina bertsolari. Kanporaketetako logika mantenduko dugu eta modu berean aukeratuko dira finalera pasako direnak, alegia, saio bakoitzeko hiru.
Gauez
Saio guztiak gaueko 22:30ean hasiko dira eta aurrez gaztetxean bertan afaltzeko aukera egongo da 20:30 aldera, Finala izan ezik. Finala, 18:00etan hasiko da, aurretik bertso poteoa eta bazkaria egongo da 15:00etan.