ASTEBURUAN JOKATU DIRA SORALUZE ETA MUTRIKUKO
KANPORAKETAK
Maialen Akizu Bidegain eta Jon Gurrutxaga Urbietak osatutako bikoteak
Soraluzen, eta Aratz Igartzabal Bidegain eta Gorka Maiz Alustizak
Mutrikun, lortu dute finalerdietara zuzenean sailkatzea.
Martxan da Plazatik Gaztetxerako aurtengo edizioa. Zortzi bikotek abestu dute
orekatuak izan diren lehen bi kanporaketetan; Soraluzen, lehen hiru bikoteen
artean hiru puntuko diferentzia egon da. Mutrikun ere, ez da puntu diferentzia
handirik egon bertsolarien artean. Saio batetik bestera, puntu diferentzia
nabarmena egon da, ordea.
Ostiralean jokatu zen lehen kanporaketa Soraluzen. Afaritan 30 lagun pasatxo
elkartu ziren eta saioa hasterako, 50 lagunetik gora bildu ziren gaztetxean,
kanturako giro atsegina sortuz. Kantuan, honako zortzikotea aritu zen: Maddi
Gallastegi Osa eta Eneko Beretxinaga Laskurain; Maialen Akizu Bidegain eta
Jon Gurrutxaga Urbieta; Aitor Salegi Martija eta Aitor Irastorza Fadrique; eta,
Asier Azpiroz Iztueta eta Adur Gorostidi Urkia.
Oreka izan zen saioko ezaugarri nagusia. Ez zen bete-beteko saioa izan, ezta
beherakada nabarmenekoa ere. Entzuleek ere maila bertsuan erantzun zuten,
bertsolariak babestuz, aparteko girorik sortu gabe.
Epaileen erabakiz, Aitor Salegik eta Aitor Irastortzak osatutako bikotea sailkatu
zen. Entzuleek Maialen eta Jon aukeratu zituzten. Puntu eta erdiko aldea zen bi
bikoteen artean. Buruz burukoan, Maialen eta Jonek pilatu zuten puntu gehiago
eta beraz, Maiatzaren 22an Antzuolan egingo den finalerdirako sailkatu ziren.
Bertsolariek, eskuz egin eta serigrafiatutako poltsa eder bana eraman zuten oroigarri bezela.
Larunbatean Mutrikun jokatu zen kanporaketan lau bikote hauek aritu ziren
bertsotan: Imanol Uria Albizuri eta Imanol Lekunberri Aretxabaleta; Malen
Amenabar Larrañaga eta Eneko Arrate Sololuze; Aitor Servier Etxetxuri eta
Asier Galarza Garai; eta, Aratz Igartzabal Bidegain eta Gorka Maiz Alustiza.
Iluntzeko 20.30etarako hasi zen jendea Gaztetxera hurbiltzen. 70 pertsona
inguruk bapo afaltzeko beta izan zuten eta beste hogei lagun inguru etorri ziren
afalostean saioa entzutera, Gaztetxea betez.
Umorea nagusitu zen bertsoaldi gehienetan, Arratek eta Lekunberrik koplatan
egindako saioan, esaterako, aurrez pentsatutako kopla bat errepikatu zuten
bertso eta bertso artean publiko guztia kantuan jarriz.
Bikoteen lan puntuagarriak kontuan hartuz, Maiz eta Igartzabal nagusitu ziren,
eta publikoak berriz, Aretxabaleta eta Uria aukeratu zituen. Bi bikoteok pasa
ziren buruz-burukora..
Herriko produktuz osatutako saskia, Roman Okelar bertsolariaren bertso liburua
eta paperez eginiko lore sortak jaso zituzten opari bertsolariek. Plazatik
Gaztetxeraren bereizgarri den lagun arteko giroan eman zioten amaiera saioari.
Topatu.info webguneko web-telebistaz eta bertsoa.eus webgunearen bidez,
saioetako bertsoaldi hautatuak entzuteko aukera izango da astean zehar.
Mutrikukoaaren atzetik, aurrera jarraituko du txapelketak. Datorren asteburuan
jokatuko dira hurrengo bi kanporaketak. Ostiralean Eibarren eta larunbatean
Elgoibarren daude hitzorduak jarrita.
Eibar: Maiatzak 15
• Eli Pagola Apezetxea - Eñaut Martikorena Lizaso
• Josune Arakistain Salas - Ander Zulaika Elola
• Saioa Alkaiza Guallar - Alazne Untxalo Erregerena
• Maider Arregi Markuleta - Gemma Urteaga Garmendia
Elgoibar: Maiatzak 16
• Manex Astigarraga Bergara - Maddi Sarasua Laskarai
• Antton Aizpurua Aldape - Ainhoa Sarasua Laskarai
• Aitor Bizkarra Ruiz - Txaber Ormazabal Villanueva
• Amaia Iturriotz Etxaniz - Mikel iturriotz Etxaniz
Bertso saioak 22:30ean hasiko dira. Aurrez, afaltzeko aukera egongo da
gaztetxe bakoitzean, 20:30ean.