Autoeraketaren bidetik
Lehenengo saioan, Andoni Egiak (Hiritik at eta Lakaxita kooperazio guneko kideak) eta Lier Gonzalezek (Koop 57 finantza kooperatibako kideak) ekonomia sozialaren testuingurua azaldu eta kokatzeko ahalegina egin zuten oinarrizko ezaugarriak zerrendatuz: jarduera ekonomikoaren jabetza langileena izatea, erabakiak demokrazian oinarritzea, aberastasunaren banaketa justua egitea, autoeraketa bitartez egituratzea eta jasangarritasun irizpidea ardatz izatea. Ekonomia sozial eraldatzaileak gizartearen eraldaketa bultzatzen du, gaur eguneko botere harremanak aldaraziz ekonomia justuago eraikitzeko bidean.
Kooperatiben eredutik auzolaneraino
Bigarren saioan ekonomia sozial izendapenaren atzean dauden hainbat eredu ezagutu eta euren artean alderatzeko ahalegina egin genuen. Arrasateko kooperatiben esperientzia, Olatukoop kooperatiba sarea eta Auzolan ekimenaren berri eman zuten Igor Ortegak, Ion Turrillas eta Nekane Juradok, hurrenez hurren. Hirurek aipatu zuten pertsonek prozesuaren erdian behar dutela baina ikuspegi ezberdinetatik begiratu zioten. Eredu utopikotik gertu irudikatu zuten Auzolan Ekimena eta kapitalismo basatian txertatuta Arrasateko esperientzia. Olatukoop-ek, bi alternatiben erdian kokatu zuen bere burua, nahiz eta ia ezinezko izan eredu hori gizarte guztira trasladatzea, zerbitzuetara bideratutako kooperatiba txikiek osatzen baitute sarea.
Emakumearen papera eta aitortza
Ekonomia Feministaren txanda izan zen hurrengoa, Bilgune Feministako Saioa Iraolak eta Arantza Fernandez Plaza Equipare kooperatibako kideak ekonomia feministaren ardatz nagusiak aipatu zituzten. Gaur egun, ekonomiaz jardutean, prozesu produktiboak bakarrik kontutan hartzen direla salatu zuten, bestelako lanak, zaintza lanak esaterako, alde batera lagata. Hauek ere errealitate ekonomikoaren parte diren heinean, kontutan hartuak izan behar lueketela azpimarratu zuten.
Energiaren inguruko borroka
Azken saioan, Txente Rekondok geopolitikaren eta gaur eguneko gerren gainean jardun zuen, munduko hainbat errealitateri argi eginez. Estatu Batuak, Europako Batasuna eta Errusiak dituzten energiagatiko interes ekonomiko eta gerrez jardun zuen. Baita BRICS herrialdeen (Brasil, Errusia, India, Txina, Hegoafrika) garapenaren inguruan ere, beti ere datu eta ikuspegi historikoak landuz.
Bestelako eredu ekonomiko baten beharra
Mahainguruekin batera dokumental eta pelikulak ere proiektatu ditugu eta azkenean jardunaldiek eredu ekonomiko eta sozialaren inguruko hausnarketa egiteko aukera eman digute.
Bide bat zein bestea hartu, argi geratu da egungo gizartea eraldatzeko beharra dagoela eta bestelako eredu ekonomiko bat eraikitzeko ahaleginak gero eta handiagoak direla, egungo sistemaren gainbehera geldiezinak eraginda.