Gizarteak, egoera zehatz batzuetan, Zaldibarreko zabortegiaren edo muturreko diren koronabirusaren pandemiaren kasuetan bezala, jardun behar du taldean, konpromisoz, determinazioz eta fedez. Pandemia hau ez da txantxetako kontua, oso gauza serioa da eta gure gizartea jake egoeran jarri du. Agian asmatuko dugu hala moduz egiten, agian ondo edo agian gaizki... baina gure betebehar kolektiboa da ahalik eta ondoen egiten saiatzea. Gizarte kohesioa izan zen Erroma gizadiaren historiako zibilizazio handienetako bat bihurtu zuena: “gizarte kohesioa etsai komunaren aurrean”.
Gizarte gisa, batzuetan, ezin dugu zain egon makilatxo magikoa edo norbait noiz etorriko arazoa konpontzera; izan ere, arazoak gainditu egin du pertsona hori ere, eta hain zuzen, horixe da momentua talde-lanean jarduteko; ordua gure betebehar kolektiboak betetzeko. JF. Kennedy presidenteak esana da: "Ez galdetu zure herrialdeak zugatik zer egin dezakeen; galdetu zuk zure herrialdeagatik zer egin dezakezun". Irribarreak, aieneak, erantzunkizunak... iritsiko dira. Orain ez da horretarako momentua.
Susmoa dut klase politikoa, oro har, (hau hedatu liteke "ganadutegi" guztietara) argi eta garbi hobetzeko modukoa dela, baina egia da, era berean, botoa emateko eskubidea dugun pertsonok garela gure ordezkariak aukeratzen ditugunak, eta hori ere (onenak aukeratzen saiatzea) gure erantzukizuna da, gure betebehar kolektiboa. Gizarteak ezin du eta ez luke laga behar dena gauza bat esan eta beste bat egiten duen pertsona baten eskuetan, dela erakunde, telebista, denda, herri aldizkari, enpresa edo ikastetxe. Gizarteak horren gainetik egoteko eta taldean lan egiteko betebehar kolektiboa du.
Zaldibarreko zaborrak (ez dut hitz egingo kudeaketaz, erreponsabilitateez... ederra saltsa) ez dira Martetik etorri, guk sortu ditugu, gure kontsumo-gizarteak sortu ditu, gizarte snob, azkar eta itsu-itsuan aurrera doan honek. Eta hor, hain justu, hor, baditugu bete beharreko etxekolan kolektiboak ere. Eta zorioneko pandemiak, zeinaren jatorria argitu gabe dagoen, globalizazioaren erritmo berean egin du aurrera, eta ari da azken urteotan ezagutu dugun munduko gizarte, ekonomia eta politika eredua lehertzen; hau ez baita hasiera baino. Azken batean, ezagutzen dugun gizarte eredua, urtzen ari da.
Ez dira etorriko ez ile-hazgarri formula saltzen duena ezta Izpiritu Santua ere hau konpontzera. Geuk konpondu beharko dugu, erresilienteak, konprometituak, diziplinatuak izanda, emozioak kontrolatuz baina konbentzimenduz eta determinazioz, Erromak etsai komunaren aurrean egin zuen bezala. Gure betebeharra da, gure betebehar kolektiboa... gure eskubide indibidualak bezain demokratikoa. Liburu bat irakurtzen ari naiz, eta liburu horrek esaera siziliar bat dakar lurrari eta uztei buruzkoa. Honela dio: "simaurrak mirari gehiago egiten ditu santuek baino”.
"Ingalaterrak espero du bakoitzak bere eginbeharra betetzea" H. Nelson, Trafalgarko batailaren aurreko unean. Eta nik gehituko nioke, errespetu osoz: kolektiboki.