Ama, bizirik egongo bazina...

Erabiltzailearen aurpegia Regina Maiztegi 2021ko abe. 30a, 09:13

Badira ia 2 urte Pandemia batean sartu gintuztela, eta bitartean gure artean elkar ulertu beharrean bata bestea seinalatzen gabiltza txertoa dela eta. Ama, ez nago ez txertoaren alde eta ez kontra, bakoitzak bere gorputzarekin nahi duena egiteko duen eskubidearen alde nago! Baina txertoaren kontura farmazeutika sektoreko multinazionalek dituzten neurriz kanpoko irabaziek ez didate inolako lasaitasunik ematen.

Agintean dauden politikariek gutaz barrezka dihardute! eta Ama, horrek benetako amorrua ematen dit. Agintarien kudeaketa okerra estaltzeko Covid ziurtagiria erabiltzen ari dira. Eta oraingoan ere erabaki dute tabernariak kriminalizatzea, tabernetan jendea kutsatzen ari denaren inolako daturik gabe. Haiek bezeroei Covid ziurtagiria eskatu ezean izugarrizko isunak jarriko dizkieten mehatxupean bizi dira orain, eta ez dagokien polizia lanetan jarri nahi dituzte. Dagoeneko, agintariak hasi dira beraien mehatxua gauzatzen eta Bilboko taberna batzuei Covid ziurtagiria ez duen bezero bakoitzeko 3.000 euroko isunak jartzen hasi dira. Pandemiak gehien kolpatu duena errematatzen.

Eta tristeena da Ama, oraingoan ere, geure artean elkar ulertu beharrean, tabernariei presioa sartzen gabiltzala; ziurtagiria eskatzen dutenean gaizki, eta eskatzen ez dutenean ere gaizki. Ez dute panorama errezik, ez! Gainera, zer zentzu dauka guzti honek? Ziurtagiria izateak ez du ziurtatzen pertsona hori Covidik barik dagoenik. Ezagutzen ditut Covid Ziurtagiria izanda etxean gaixorik konfinatuta daudenak. Gaixotasuna arinago pasako dutela? Hori da diotena! Baina berdin berdin kutsatu ditzakete tabernan dauden gainerako bezeroak, beraz?

Ama, mundu honek zu bezalako jende gehiago behar luke guzti honi buelta emateko.