Damarisek Marquesa de chocolate postrea prestatzen irakastearekin batera postrearen jatorriaren berri eman zuen: "1869an Frantziatik markesa bat iritsi zen Venezuelara eta beti txokolatezko postrea eskatzen zuen. Hortik datorkio izena kakaoz eta gailetaz egiten den gozo honi. Oso errezeta egokia da asteburuetan umeekin egiteko".
Damarisek, postrea prestatzen ziharduen bitartean, Venezuelan postregintzan eta oro har sukaldaritzan erabiltzen diren fruitu tropikalen berri eman du: "Han kokoa asko jaten da; mangoa, maracuya, guayaba... Niri fruitu horiek jaten ditudanean oroitzapen ederrak ekartzen dizkidate gogora".
Hizkuntzari dagokionez, Damarisek nagusiki gazteleraz egin bazuen ere, euskarazko berba eta esamoldeak ere tartekatu zituen, iazko urtean euskaraz ikasten jardun baitzuen, Aisa ikastaroan.
Tertulia ederrean, ziztuan pasatu ziren bi ordu eta parte hartzaile bakoitza txokolatezko markesaren zati banarekin joan da etxera, gozo gozo.
Datorren astean Valladolideko Amargilloak
Bigarren saioan, maiatzaren 17an, Cristina Cuencak Valladolideko Amargillos izeneko gozoak prestatuko ditu. Hirugarren saioan, 24an, Geyne Dos Santosek Bolo de macaxeira bizkotxoa sukaldatuko du. Azkenik, laugarren eta azken saioan, 31n, David Lindemannek Alemaniako Apfelstrudel gozoa egingo du, sagarrez.
Saio guztiak eguaztenetan egingo dira, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara bitartean eta bi euro ordaintzea nahikoa da bertan parte hartu ahal izateko. Izena emateko 605287739 telefonora deitu edo idatzi daiteke.
Munduko postreak sukaldaritza tailerra Auzoko egitasmoak antolatu du kulturartekotasuna bultzatu eta jatorri ezberdinetako herritarrek elkar ezagutzeko helburuarekin.