"Kulturartekotasuna dastatu, gozatu eta ezagutu" lemapean, Auzoko egitasmoak sukaldaritza tailerra prestatu du maiatzean, munduko herrialde ezberdinetako postreak prestatzen ikasteko. Guztira, lau saio izango dira eta saio bakoitza herritar batek gidatuko du, bere herrialdean ezaguna den postre bat nola prestatzen den irakatsiz.
Lau herrialde, lau postre
Lehen saioa maiatzaren 10ean egingo da eta, bertan, Damarys Ojedak Venezuelan ohikoa den Marquesa de chocolate izeneko postrea kozinatuko du. Bigarren saioan, maiatzaren 17an, Cristina Cuencak Valladolideko Amargillos izeneko gozoak prestatuko ditu. Hirugarren saioan, 24an, Gayne Dos Santosek Bolo de macaxeira bizkotxoa sukaldatuko du. Azkenik, laugarren eta azken saioan, 31n, David Lindemannek Alemaniako Apfelstrudel gozoa egingo du, sagarrez.
Eguazten arratsaldetan
Saio guztiak eguaztenetan egingo dira, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara bitartean eta bi euro ordaintzea nahikoa izango da bertan parte hartu ahal izateko. Izena emateko 605287739 telefonora deitu edo idatzi daiteke, maiatzaren 8ra arte.