Euskaltzaleen Topagunearen esanetan, 'Zubi bat euskaratik' hitzaldi zikloaren helburu nagusia da euskal hiztunak kontzientziatzea etorkinei hizkuntza eta kultura helarazteko duten arduraz: “Gure bizilagunak euskarak irekitzen dituen aukeretara erakarri nahi baditugu, ezinbestekoa da aukera horiek zeintzuk diren ezagutzeko modua eskaintzea. Aldi berean, euskararen biziberritzeak aurrera egingo badu, gure herrietan dauden gainontzeko hizkuntzei beren aitortza eta lekua eman behar diegu, eta horretarako elkar ezagutu behar dugula. Denon artean pentsatu, hausnartu eta auzotzen jarraitzeko bidea da hau, euskaratik zubiak eraikitzen hasteko urratsa”.
Soraluzeko Auzoko
Soraluzen 2015etik dago martxan Auzoko harrera egitasmoa eta 2020tik Auzoko Familiak (Hurbiltzen) programa. Egitasmoa Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak kudeatzen du Soraluzeko Udalaren laguntzaz eta plazentziatar euskaldunak eta euskaratik hurbilago daudenak batuz eta elkar ezagutuz euskal kulturaren eta gainerako kulturen arteko zubiak eraikitzea du helburu. Aurtengo iikasturtea azaroan abiatuko dute eta izena ematea zabalik dago (609287739-arrate@pilpilean.eus).