Plazentziatarrak ere Auzoko Egunean

Domekan, Auzoko egitasmoaren ikasturte amaierako jaia ospatu zuten Arrasaten eta bertan, 70 lagunetik gora elkartu ziren, tartean Plazentziatik joandako 22 herritar. Antolatzaileek adierazi zutenez, auzokideak euskara ikasteko eta euskal kulturaren berri izateko "oso gogotsu" daude eta falta direnak bide horretan lagunduko dieten auzotarrak dira, euskal hiztunak. Argazkiak: Topagunea. Bideoa: Goiena.eus. 

Hamargarren Auzoko Eguna izan zen domekan Arrasaten ospatu zutena. Auzoko Euskal Herriko Euskaltzaleen Topaguneak sortutako egitasmoa da, helburu duena euskarara hurbildu nahi duten 'auzotarren' eta hauei harrera egiten dieten 'auzokideen' arteko harremana sustatzea. Gaur egun, zortzi herritan dago martxan egitasmoa, besteak beste, Donostian, Gasteizen, Oñatin, Aretxabaletan, Eskoriatzan, Arrasaten eta Plazentzian. Urtero, ekain aldera, jaialdi bateratua egiten dute komunitatea elkartu eta parte hartzaileen arteko kultur aniztasuna ospatzeko. 

Aurtengo Auzoko Egunerako egitarau zabala antolatu zuten, goizean hasi eta arratsalde partera arte hartze luzatu zena. Hasierako ongietorria Arrasateko Ekin Emakumeak elkarteko Jasone Giraldok, Arrasateko Udaleko zinegotzi Maitane Muñozek eta Euskaltzaleen Elkarteko presidente Kike Amonarrizek eman zieten bertaratu zirenei. Ostean hasi ziren gainerako ekintzak: bizipenen murala, bisita gidatua Arrasaten zehar, jakiak dastatzea, dantzak, jolasak, Ttakun taldeko txalapartarein soinuak, Donostiako musikari gazteen kantak...

Auzotarren beharra

Halako egunetan auzokideek zein auzotarrek hartzen dute parte, eta Jasone Giraldo Arrasateko Auzoko egitasmoaren dinamizatzaileak aitortu duenez, auzokide asko daude eta auzotarrak behar dituzte: "Auzokideak oso gogotsu daude euskara ikasteko, baina auzotarrak falta zaizkigu; euskal hiztunak, bertakoak. Nolabait, bidelagun izango direnak, auzokide horiei euskararen bidea erraztuko dietenak".

Giraldok egitasmoan parte hartzeko deia egin zien herritarrei "inolako konpromisorik gabe. Etorri, galdetu eta probatu. Normalean, probatzen duena katiatzen da. Gure auzokideek euskararen eta bertakotzeko bidean laguntza behar dute eta zer hobe horiek zure auzokoak izatea baino".

Soraluzeko egitasmoak

Soraluzen Auzoko egitasmoa eta Hurbiltzen familia programak daude martxan eta Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteko kide den Arrate Espillak gidatzen ditu. Horrez gain, emakumeak ahalduntzeko taldea ere badago, gaur egin Zabaltzen kooperatibako kide den Uxue Ruiz herritarrak kiroldegi gaineko lokalean dinamizatzen duena.