Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoan parte hartzeko epea zabalik

“Irakurri, gozatu eta oparitu” egitasmoa urriaren 13tik aurrera jarriko da martxan, eta irakurleek abenduaren 9ra bitarteko epea izango dute liburutegira joan eta parte hartzeko. Aurten, euskarazko 500 liburu eta e-book-ak zozketatuko dira.

Hamalaugarren edizio honetan, egitasmoak irakurzaleak irakurketatik atera duen bizipenari erreparatu nahi dio eta sarritan beste norbaitekin esperientzia hori konpartitzeko duen gogoari; irakurketa partekatuari. Hain zuzen, horixe iradokitzen du aurtengo edizioaren leloak: Zurekin oroitu naiz. Izan ere, liburu bateko pasarte, hitz edo esaldi bat irakurtzean irakurleak konexioak egiten ditu ingurukoekin. Segundu batzuetako konexio hori da Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoak bultzatu eta saritu nahi duena, gizakion arteko loturak hain garrantzitsuak diren 2020 gogor honetan (Ikus spota).

Aurten egitasmoaren datak Liburutegien eguna (Urriak 24)  eta Gabon aurreko opor garaira lotuko dira, alde batetik, udal-liburutegien funtzioa azpimarratzeko eta bestetik Gabonetako “Oparia” IGO liburua izatea sustatu nahi delako. 

Hiru pauso eta zozketa

Egitasmoan parte hartu nahi duenak ondorengo hiru pausoak bete behar ditu: 

  • Lehenengo pausoa herriko liburutegira joan, euskarazko edozein liburu maileguan hartu eta irakurtzea da.
  • Liburua irakurri eta bukatzean, liburutegira itzuli eta bertan fitxa erraz bat bete behar da. Norbere datuak bete behar dira, ostean, aukeratutako liburua etxean jaso ahal izateko eta horrekin batera, aukera izango du liburua oparitu nahiko liokeen pertsonari mezu bat idazteko ere. Fitxa hori liburuzainak jasoko du eta ekimenaren epea amaitzen denean, zozketa batean sartuko da beste parte-hartzaile guztien fitxekin batera.
  • Oparitu. Zozketan irabazle gertatzen direnek etxean jasoko dute liburua, hasieran idatzitako mezua itsatsita eta oparitua izateko prest!

Guztira, 500 liburu zozketatuko dira Euskal Herrian zehar parte hartzen duten irakurleen artean. Horrez gain, Soraluzeko liburutegiak e-book bat zozketatuko du parte-hartzaileen artean.

Euskal idazleen liburu gomendioak

Zer irakurri zalantzan dauden irakurleek Aingeru Epaltza eta Uxue Alberdi idazleen irakurketa esperientzia izango dute lagun; izan ere, bakoitzak liburu gomendioen-zerrenda osatu bat landu baitu egitasmoaren baitan. Proposamenak 5 ataletan banatu dituzte, liburutegietan eskaintzen diren aukera anitzak azpimarratu nahian: narrazioa, eleberria, itzulpena, saiakera eta poesia.

Liburu gomendioak ondorengo loturetan: Uxue Alberdirenak, Aingeru Epaltzarenak.

Egitasmo hau Euskal Herriko Euskaltzaleen Topaguneak bultzatu du eta Soraluzen Udal-liburutegiak, Udalak eta Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak garatuko dute elkarlanean.