Aldizkaria apirilaren 3an argitaratuko dugu

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Unamuno

Pil-pileanen bulegoa.

Pil-pilean aldizkariaren martxoko alea datorren barikuan kaleratuko dugu, apirilaren 3an.  

Koronabirusaren krisia lehertu ostean, elkarteko komunikabide sailean ere telelanaren bitartez lan egitea hobetsi dugu. Lehen bi asteotan, komunikabide saileko indarrak Plaentxia.eus-era bideratu ditugu eta webgunearen bitartez krisiak Soraluzen izan duen eraginaren jarraipen etengabea egin dugu. Ikusi dugu, herritarrek, oro har, interes handiz jarraitu dutela bertan argitaratu duen informazioa, egunotan bikoiztu egin baita Plaentxia.eus-ek egunean jasotzen duen ohiko bisita kopurua 800 bisitatik 1.600 bisitara. 

Hala ere, informazioa online argitaratzearekin batera, garrantzitsua iruditzen zaigu soraluzetarrei informazioa paperezko formatuan ere helaraztea. Hori dela eta, gure asmoa da hartu beharreko babes neurriak hartuta, datorren barikuan Pil-pilean aldizkaria herriko postontzi guztietara banatzea. Herritik kanpo bizi diren soraluzetarrek, berriz, postaz bidaltzerik ez dagoenez, webguneko PDFan irakurri ahalko dute.

Eskerrak herritarroi

Bestalde, komunikabideko erredakzio taldetik eskerrak eman nahi dizkizuegu egunotan era guztietako informazioa helarazi diguzuen herritarroi. Eskerrik asko, benetan!

Aurrera ere, gustura jasoko ditugu herritarron ekarpenak: argazkiak, gertakari eta bizipenen gaineko informazioak… Ubane Madera kazetariaren e-posta ubane@pilpilean.eus edo telefonora 699 86 87 29 bidal ditzakezue.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.