Ondorioz, gaur hasi eta larrialdi egoera igaro arte, ez dira eskainiko zuzeneko presentzia eskatzen duten hainbat jarduera eta zerbitzu: Ludoteka, Gaztelekua, Auzoko eta Berbalaguna. Egitasmo hauetan diharduten lankideek lanean jarraituko dute baina beti ere ateak itxita edo etxetik lan egingo dute, herritarrekiko kontaktua telefonoz edo emailez bideratuz.
Komunikabideari dagokionez, indarrak Plaentxia.eus-era bideratuko dira eta prebentzio irizpideek lagatzen duten neurrian, asmoa da webgunearen bitartez etengabeko informazioa ematen segitzea. Zalantzarik gabe, datozen egunetan herriko ardatz informatiboa Koronabirusaren bueltakoa izango da baina ahalegina egingo da bestelako gai eta gertaeren gaineko albisteei ere lekua egiteko. Bestalde, aldizkariari dagokionez, oraingoz, helburua da ohiko moduan hilabete amaieran argitaratzea baina egoeraren bilakaeraren arabera, datozen egunetan erabakiko dugu zer egin. Dena den, komunikabideko kazetaria lanean izango da eta herritarrek berdin-berdin bideratu ahalko dituzte euren eskaera eta ekarpenak, ohiko telefono edo emailen bitartez: 699 86 87 29, ubane@pilpilean.eus.
Datozen egunetan, Pil-pileanen bulegoko atea itxita egongo da baina langileok lanean jarraituko dugu etxetik (posible den guztietan) edo bulegotik.