Errigora

Abiatu da Errigoraren Udaberriko kanpaina

Atzo hasi eta martxoaren 12ra bitartean, herritarrek aukera dute Nafarroako olioa eta kontserbak eskatzeko. Soraluze banaketa puntu ofiziala izango da.

Errigorak martxan jarri berri du udaberriko kanpaina, Gure hautuez harro lemapean, eta dagoeneko Errigora.eus webgunean eska daitezke Nafarroako Erriberako jakiak. Aurreko urteetan bezala, eskaerak eskuorrien bitartez egin ahalko dira, baina, oraingoan, Errigorako antolatzaileek dei berezia egin diete herritarrei eskaerak internet bitartez bidera ditzaten, horrek asko errazten baititu ondoren egin beharreko kudeaketa-lanak.

Banaketa puntu ofiziala

Soraluzen, deskarga eta banaketa puntu ofiziala ezarri dute Zentroan eta horri esker soraluzetarrek herrian bertan jaso ahalko dituzte eskatutako produktuak. Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea, Arrano Elkartea eta Iratxo Goxodenda arduratuko dira eskuz betetako eskariak bideratzeaz eta horrekin batera ahalegin berezia egin nahi dute Soraluzetik egiten den eskari kopurua handitzeko. Horretarako, kanpainaren gaineko informazioa herriko ikastetxe eta hainbat elkartetan ere banatuko dute. Gainera, martxoaren 7an, eguerdiko 12:00etatik 13:00etara bitartean, informazioa banatzeko mahaia jarriko dute kalean.