Bazatoz egun-pasa Elgoibarko `Euskara ala ezkara´ ziklora?

Urriaren 6an 21 kulturgile elkartuko dituzte Elgoibarren `Euskara ala ezkara´ zikloaren barruan. Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak irteera antolatu du Soraluzetik elkarrekin joateko.

Aurten 10. urteurrena du Elgoibarren egiten duten Euskara ala ezkara zikloak, eta kulturgintza izango dute gai nagusi. Horretarako, egitarau oparoa prestatu dute, 21 kulturgileren eskutik.

Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak egun-pasa antolatu du herriko euskaltzaleak Elgoibarko ziklora elkarrekin joateko. Interesik izanez gero, deitu edo idatzi 605706086 telefonora.

Musika, antzerkia… berbetagai

Egunaren hasieran kulturgintzaren egoera orokorra aztertuko dute, Gotzon Barandiaranekin, Lorea Agirrerekin eta Harkaitz Canorekin. Eta hamaiketakoaren ostean gaika arituko dira: musikaz hitz egingo dute Odei Barrosok eta Ines Osinagak; antzerkiaz Oier Guillanek eta Ander Lipusek; eta Gorka Arresek hitzaldi berezia emango du Zertarako makinak eta erremintak tituluarekin. Arratsaldean, berriz, Gazteak, kultura eta euskalgintza mahai ingurua egingo dute. Peru Iparragirre, Paul Beitia eta Edurne Azkarate izango dira hizlari, Itziar Ugarteren gidaritzapean.

Kulturgintzaz arituta, ekitaldi bereziak ere izango dira. Egun osoan muralgintzan arituko dira Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo Txakur Gorria kolektiboko kideak. Talde bereko Ane Labakak eta Nerea Ibartzabalek egunaren laburpena egingo dute bertsotan. Eta bi kontzertu ere izango dira: eguerdian Mursego eta arratsaldean Amorante.

Zikloan parte hartu ahal izateko, aurrez eman behar da izena