Plazentziatarrok suaren bueltan batuko gara gaur gauean, kantuan eta dantzan egiteko

Sorginak, sua pizteko gertu.

Eguaztenean sartu ginen udan, eta, gaur, urtero moduan, udari ongi-etorria emateko sua piztuko dugu herriko plazan. 

Usadioak dio, eguzkiak, bizitzaren jainkoak, goia jotzen duela ekainaren 21ean eta gizakion bizimodua errazagoa egiten duela horrek, eguzkiak ordu gehiagoz argitzen eta berotzen gaituelako. Euskal Herrian aspaldiko garaietatik ospatu izan da udaberritik udarako aldaketa, baita kristautasunak udako solstizioa San Joan bataiatzailearen figurarekin lotu eta ekainaren 23an ospatuko zela esan aurretik ere. Sua eta ura ziren, eta, dira, gaur ere, solstizioetako-eta berdin ekinozioetako ospakizunetan ere, erabilienak izan diren sinboloak.

Gaur gauean, suaren bueltan elkartuko gara plazentziatarrak. Kantuan eta dantzan egingo dugu edabe magikoa edanez, eta izpiritu txarrak uxatuko ditugu konjuroa esanda. Gainera, urtean zehar gertatu zaizkigun gertaera txar guztiak erreko ditugu sutan; barrenak biziberrituko ditugu, suaren gainetik salto eginez. 

Egitaraua

18:30ean Maskara tailerra.

21:00etan Sorgin-afaria. Bako¡tzak etxetik ekarritakoarekin. 

22:30ean Udate gaueko jaia: sua, dantzak, edabe-majikoa, saltoak suaren gainetik...