Bertso-jaialdirako sarrerak salgai daude

Erabiltzailearen aurpegia

Dagoeneko salgai daude ekainaren 3an egingo den bertso-jaialdirako sarrerak, Iratxo goxodendan eta Pil-pileanen bulegoan. Ekainaren 6an, Miren Artetxe bertsolariak bertso eskolen inguruko hitzaldia eskainiko du.

Punta puntako lau bertsolari izango dira Pil-pileanen XX. Urteurreneko jaialdian: Amets Arzallus (txapelduna), Jon Maia, Oihana Iguaran eta Beñat Gaztelumendi. Saioko zenbait bertsoaldi musikatuak izango dira, Dometx Uzin herriko musikariaren laguntzarekin. Saioaren gidari lanetan berriz, Josu Goikoetxea gai-jartzaile gernikarrak jardungo du.

Astelehenetik salgai daude jaialdiko sarrerak, Iratxo Goxodendan eta Pil-pileanen bulegoan. 6 euroko prezioan aurrez erosi edo Pil-pileanen bazkide direnendako, eta 8 eurotan, egunean bertan takilan erosten dutenendako. Azken hauek saioa hasi baino ordu erdi lehenago jarriko dira salgai, Kiroldegiko goiko sarreran.

Miren Artetxeren hitzaldia

Ekainaren 6an, astelehena, arratsaldeko 19:00etan, Miren Artetxe bertsolari eta ikerlari hendaiarrak hitzaldia eskainiko du. Iparraldeko bertso-eskolen inguruan egindako ikerketaren, "Bertsolaritzaren transmisioaren eragina Iparraldeko gazteen hizkuntza-erabileran", emaitzak aurkeztuko ditu. Pil-pileanek hitzaldia baliatu nahi du herriko bertsozaleak gonbidatu eta elkarrekin gogoeta egiteko, "bertso-eskolez eta herrian bertsolaritzaren mugimendua antolatu eta indartzeko izan daitezkeen aukerez".    

Erlazionatuak