Pil-Pilean euskara elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU egitasmoaren edizio berri bat jarriko du martxan, hamargarrena, zenbait euskara elkarte, Udal , liburutegi eta liburu dendarekin batera. Soraluzeko Udalak babestutako egitasmoa da.
Irakurri, Gozatu eta Oparitu ekimenak hainbat berrikuntza izango du aurten, inportanteena, Patxi Zubizarreta idazleari eskaturiko 50 liburu gomendatuen zerrenda izango da, 5 adin tartetan aurkeztuko dena.
Beste aldaketa bat, gauzatze aldiarena izango da, ia hilabete aurreratuko dena, eta apirilaren 1etik maiatzaren 31ra arte iraungo duena
Azken bi edizioetan izandako hedapenak jarraipena izango du aurten eta 50 herrietan ipiniko da martxan, iaz baino 9 gehiagotan eta duela hiru urte baino 26 gehiagotan, %100 baino gehiagoko igoera.
Irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Egitasmoak, parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du.
Egitasmoa tokian tokiko euskaltzaleen elkarteen, Udalen, liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker gauzatzen da, eta herrietako eragileen arteko harremanetarako tresna izan nahi du.
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:
1) Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.
2) Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli , eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
3) Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.
Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein libururen prezioaren %35 ordaintzeko aukera emango digu.
Bi hilabetez martxan, apirilaren 1etik maiatzaren 31ra
Apirilaren 1ean abiatuko da “Irakurri, Gozatu eta Oparitu”ren 2016ko edizioa, eta maiatzaren 31n amaituko da. Hortaz, bi hilabeteko iraupena izango du kanpainak liburutegietan, baina erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 11 artekoa izango da. Aurten, egitasmoa udaberriko hilabeteetan zentratuagoa egongo da, alde batetik, liburutegietan garai hobea izaten delako, eta bestetik, liburu-opari eta trukeen dinamika, oporrak bitarteko hilabetetan garatu ahal izateko.
Esan bezala, aurten 50 herritan izango da martxan ekimena eta nabarmentzekoa da, horietako hainbatetan lehenengo aldia izango bada ere, iazko herri gehienetan eskainiko dela, egitasmoaren eraginkortasunaren balorazio onaren adierazle.
Araba: Agurain, Aramaio, Asparrena, Barrundia, Dulantzi, Kanpezu, Legutio, Maeztu, Urizaharra, Urkabustaiz, Zigoitia, Zuia.
Bizkaia: Atxondo, Balmaseda, Derio, Ermua, Gernika-Lumo, Getxo, Igorre, Larrabetzu, Lemoa , Mañaria, Muskiz, Ondarroa, Otxandio, Zaldibar, Zamudio.
Gipuzkoa: Lazkao, Legazpi, Mutriku, Soraluze, Oñati, Ordizia, Orio, Zaldibia.
Nafarroa: Altsasu, Antsoain, Aranguren, Arbizu, Atarrabia, Basaburua, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Irurtzun, Etxarri-Aranatz, Lakuntza, Larraun, Lizarra, Olazti, Uharte, Urdiain, Zizur Nagusia .
Aurreko bederatzi edizioetan frogatu denez, kanpainak eragin positiboa izaten du herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan. Izan ere, egitasmoaren helburuetariko bat horixe da, euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina kontuan hartzekoa da.
Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar. Egitasmoak honako argitaletxeen laguntza izaten du: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa.
Euskaltzaleen Topagunea 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein mugimenduaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.
Informazio gehiago behar izanez gero, manuel@topagunea.org helbidera idatzi dezakezue, edo 656794697 telefono zenbakira deitu.
Webgunea: www.topagunea.eus/irakurri