Aurtengo edizioa Ordizian hasi zen, martxoaren 4an, eta martxoaren 28ra arte 29 herritan zehar dabil. Euskalzaleon Topaguneak martxan jarritako ekimenari helduko diogu, Pil Pilean Euskaldunon Elkarteak.
Dagoeneko hamabigarren edizioa du aurten Laburbirak. Urte luze hauetan, ehunka emanaldi izan dira Euskal Herriko hamaika txokotan, baita Euskal Herritik kanpo ere. Ibilbide oparoa izan da, eta sortzaile eta ikusleen arteko iritzi trukea oso aberasgarria dela erakutsi du. Baita Soraluzeko herrian ere.
Film laburren zuzendariei dagokienez, ibilbide luzeko egileen eta sortzaile berrien lanak ezagutarazteko ahalegina egiten du Laburbirak. Eta ondorengoak dira, bihar proiektatuko diren film laburrak:
• Hubert le Blonen azken hegaldia (Koldo Almandoz)
• Ein land (Igone Arreitunandia Berridi)
• Aitona Mantangorria (Kepa Errasti)
• Zela Trovke (Asier Altuna)
• Arconada (Asier Urbieta)
• Don Miguel (Kote Camacho)
• Zaunk! (Ixone Aroma, Aritz Lasarguren eta Asier Vera)
• Zarautzen erosi zuen (Aitor Arregi)
Sormen festa ederraz gozatzeko aukera izango dugu biharkoan! Zortzi lan ikusgai, zortzi lan ezberdin; euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzaren aniztasun eta kalitatearen erakusgarri. Zuzendari esperientziadunek, hasiberriek eta bidea urratzen dabiltzanek dute lekua 2015eko edizio honetan. Ordu eta laurden inguruko emanaldia da; lasai eseri eta gozatu!