Hitz gutxi elkarbanatzen dira hiri handietako etxe-atarietan. Kalean ere bakoitzak bere horretan dihardu; asko jota, birritan ikusi duzun dendaria agurtu eta aurrera segi.
Erosoa da batzuetan hiriek eskaintzen diguten anonimotasun hori. Hotza ere izan daiteke, arrotza. Maskarekin areagotu egiten da arroztasun hori, eta anonimotasun horrek ezezagun egiten gaitu.
Etxeko atetik at dagoena zaigu arrotza hirietan, eta bost metrora bizi denarengan mesfidantza sortuko dugu. Herrietan bestelakoak dira kontuak; plazatik plazara egindako bidea hirikoa baino goxoagoa gerta liteke, urriko lehenengo euriteetan ere bai.
Xamurrak dira herriak; gure oasi txikiak, ezagun ez izan arren arrotz egiten ez gaituzten tokiak. Gainera, norberaren bidea da herriko kaleena; gure oroitzapenena, guk bizitako abenturena, bizipen guztiena. Azken finean, herrien kasuan, horrek egiten ditu hain geureak eta, aldi berean, hain denonak.