Beti sinetsi izan dut hezkuntza-sistemak aukera berdintasuna bermatu eta biharko jendarte euskalduna hezteko tresna behar lukeela, ikasleen garapena prozesu gisa baloratuz.
Egungo errealitatea oso desberdina da. LOMCE legea, eta EAEn HEZIBERRI - "biki euskalduna"- ezarri denetik, gauzak okerrera egin dute denbora gutxian: pikutara aukera berdintasuna; euskara, baztertua, eta hori gutxi balitz, 3. mailako ikasleek egun bakarreko probari egin beharko diote aurre.
Lur pozik joaten da eskolara baina izututa dago egun bakarreko azterketarekin. Izuak eta hezkuntzak ezin dute erlaziorik izan. Horregatik, Lurrek ez du egingo azterketa hori. Horregatik eta, hezkuntzako lege atzerakoi horien kontrakoa naizelako eta ez egiteak ez duelako eraginik izango bere espediente akademikoan.
Erabakia "Gure" bihurtuko bagenu, 3.mailako ikasleen gurasook azterketa hori ez egitea erabakiko bagenu, gainontzeko guraso guztien babesarekin, LOMCE eta HEZIBERRI legeei ostikada ederra emango genieke.
Garrantzitsua da gurasoak mobilizatzea. Zenbat eta gehiago, orduan eta indar handiagoa. Borroka honetan ez gaude soraluzetarrak bakarrik, jende eta eskola asko daude. Nik planto egitera animatzen zaituztet.
(Oinatze LOMCE eta Heziberriren aurka mobilizatu diren gurasoen taldeko kidea da.)