Zorioneko naizela esaten didate askotan, lana ta dirua dauzkadalako, baina nik bizitza alperrik galtzen nagoela uste dut, ez nagoela nahi nukeen bizitza bizitzen, lagatzen didatena baizik.
Ez dut ulertzen nola biziraun dezakegun horrela; lanean pasatzen dut egunaren herena, nire buruarekin, familiarekin eta lagunekin bizitzaz gozatzen egon beharrean. Astean bost egunez lo, soldatapeko lana egin eta jan, bi egun aisialdirako eta atseden hartzeko. Horrela hamaika hilabetez, hilabete bat opor edukitzeko, urte guztian egin ezin izan dudana egin ahal izateko, diruak aukera ematen badit gutxienez. Horrela erretirora iritsi arte. Jubilatzen banaiz bizitzaz disfrutatzeko eskubidea izango dut bestela ez dut aukerarik edukiko hainbeste denboran ordaindu ditudan opor luze horrek gozatzeko. Zergatik egon behar naiz erretirora heltzeko zain bizitzaz gozatzeko?
BIZITZA ALPERRIK GALTZEN NAGOELA USTE DUT, EZ NAGOELA NAHI NUKEEN BIZITZA BIZITZEN
Soldatapeko lana eta eguneroko beste gauzak kudeatzea zaila egiten bazait, ez dakit nola uztartu ahalko nituzkeen zaintza eta lana. Nire ustez zaintza lanek denbora eta dedikazioa eskatzen dute, eta lanarekin uztartzea ez da erraza. Horretan ari zaretenok ez dakit nola egiten duzuen, baina, txalo piloa zuentzat, ni ez dakit kapaz izango naizen tokatuz gero.
Ez dakit zein den konponbidea, nola bizi eta antolatu beharko ginatekeen denok gure beharrak asetu eta zoriontsu izateko (ez dut oso garbi zer den zoriontsu izatea), baina argi daukat soldatapeko lanak duintasuna ematen didala esaten duen sistemak honek ez nauela konbentzitzen.
Ni Oier naiz lan egin ala ez. Soldatapeko lanak ez nau pertsona hobe edo txarragoa egiten, soldatapeko lanak denbora lapurtu besterik ez dit egiten. Ez dut bizitza soldatapeko lanean pasa nahi, ez dut egin ez dudanaz damutu nahi; momentu oro disfrutatu nahi dut, gaztetan,zahartzaroan, garai guztietan. Nire buruarekin ta maite dudan jendearekin.