Goizean esnatu, eta leihotik begira inguruan dudanaz gozatu beharrean, pantailak pizten ditut.
Pantailen eta Interneten garaian bizi den teknologiaren menpeko pertsona bat bihurtu naiz, egun osoa mobila, ordenagailua, tableta, telebistaren menpe.. Ia ia dena pantaila eta Internet bidez egiten dut lagunekin komunikatu, lana, erosketak, ligatu, sexua…
Naturarekin eta pertsonekin gero eta harreman gutxiago daukat wasapez, telegramez edo National Geographic-ekin ez bada.
Benetan behar al ditut hainbeste aurrerakuntza zoriontsu izateko? Galdera luzatzen diot askotan nire buruari. Mobil are bizkorragoak, sare are potenteagoak, gero eta bizitza birtual eta artifizialago bat bizitzen; eta gelditzeko asmorik gabe.
Beti horrela izan dela ematen du
Bosgarren generazioko sarea iritsi da, 5G deritzotena. Dena bizkorrago, dena konektatuta, kontrol sozial handiagoa, lanaren automatizazioa eta prekarizazioa, energia xahuketa handiagoa, uhin gehiago eta kaltegarriagoak, Afrikan esplotazio gehiago mineral gehiagoren beharra asetzeko… Denak balio du aurrerapen eta bizkortasunaren izenean. Beti horrela izan dela ematen du, baina ez dira urte asko zurrunbilo honetan nagoela, 20 urte lehenago pantaila gutxiago, Internet gutxiago, mobilik ez eta pertsonekin eta naturarekin kontaktu handiagoa nuen. Umeak eta helduak mendian eta kalean ikusten nituen lagunekin jolasean, trago bat hartzen eta bizitzaz gozatzen pantailei begira beharrean.
Gaur egun ez ordea, mahai inguruan nagoen lagunekin gozatu beharrean wasapak ta telegramak erantzuten egoten naiz albokoari kasorik egin bare, helduak mobilari begira ta umeak beraiek imitatzen mobila eskuetan izan nahian. Urrunekoa gerturatzen duela ematen du eta gertukoa urrundu. Nola sendatzen da hau? Aterako al dute bakunarik menpekotasun hau sendatzeko? Hau al da nahi dudan bizitza? Amalurretik deskonektatuta bizi naiteke?