Gure bizimoduko lan garrantzitsuak, ondo planifikatutako oporrak, mila koloretako ekintzak eta gizarte egitasmo guzti-guztiak minimizatu dizkigu. ”Zomorro“ nimino honek txokoratu egin gaitu, beldurtuta izkutatzera behartu eta kao-z irabazi.
Eta geldialdian, halabeharrez, beste era batetan bizitzen ari garen hontan, gure gizarte baloreak berrikusteko denbora izaten ari gara, munduan sortu ditugun desorekak parez-pare ikusten ditut, nik, behintzat.
Alde batetik; Emakumeon tokia, pobreziaren sakontzea, adreiluaren burbuila, prekarietatea orokortzea, kontsumitu beharra, itxurakeriak sareetan, botere borrokak… eta beste hitz potolo piloooo bat.
Bestetik; Osasuna, gertutasuna, lasaitasunez ibiltzea, musikaz gozatzea, errezetak asmatzea, arratsaldeko eguzkia hartuz, txorien kantak entzutea, eta 8 etako txaloekin, ibai garbiari begiratzea.
Hori bai, teleberria ikustean, ordea, lanbide “esentzialen” estatus berria, zenbaki eta grafikoen garrantzia, eta gai bakarrak sorrarazi dezakeen antsietate eta asperdura, besterik ez dut sentitzen.
Non demontre daude etorkizun jasangarriago batetarako hausnarketak? edo kalitatezko kultur unetaz gozatzeko aukerak? Non dena pasatu ondoren persona helduagoak eta gizarte orekatuago bat izateko plateamenduak? Eta naturari zor diogun errespetua lantzeko bidea?