Udalek badute zibismo ordenantza. Soraluzekoan, 29. artikuluak txakur-kaka jasotzera behartzen du eta pixa egitean, txakur-jabeak ozpinarekin nahastutako ura botatzera gonbidatu. Kakaren kasuan, ordenantza ez betetzeak isuna dakar. Ordenantzan beste 50 artikulu inguru daude, herriko espazio publikoak ondo erabiltzeko. Ordenantzaren helburua? Bizitza eta zibismoa bermatu, hau da, besteen eskubideak errespetatu. Baina, badirudi ez dela existitzen; txakurren kaka edonon, zaborrak ez dagozkien lekuan, zabortegi inprobisatuak edo egoera penagarrian bizi diren animaliak.
Diskurtsoa gradu bat igoz gero, legea hausteaz ari gara. Hitz potoloez. Legea hautsi eta guztion bizitza ezinezkoa egiten dutenez. Batzuetan marjinalitatetik gertu bizi direlako, eta, bestetan, zibismoa ezagutzen ez dutelako, gaixotasun mentalak dituztelako eta erakunde batek erabaki duelako gure artean bizi behar direla, nahiz eta edonoiz kablea gurutzatu eta gure osotasun fisikoa arriskuan jartzeko moduan jardun. Honen aurka, ez du inork ezer egin behar beranduegi izan baino lehen?