Bizipoza

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Santiago 2016ko eka. 29a, 13:47

Mikel Santiago Valentzian.

Galdera hori danok egiten dotsagu geure buruari inoiz. Ez dakitt gero tarte haundirik emoten dotsagun hori sakonago aztertziari. Nik neuk behintzat urte askuan ez notsan lekutxorik be eskeini.. Arrapaladan bizi nintzan lana, ardurak eta bestelakuekin tartetxo danak betez. Gaizki ez nintzan bizi, egixa esan, baina askotan etortzen jatan burura galderia, ia benetan nik nahi nebana egiten ete nenbilen ala inertziaz bizi ete nintzan bizitziari ganoraz oratu bare. Baina trena ez zan geratzen eta erantzunak beti aurreragorako, geroko... Beti “premiña” haundixaua zeukan beste zeozek horrek baino.

Berrogei urtietako krisialdixa izango zan akaso, batek daki. Egindako bilaketa desberdinetatik ibilitako bidiak ez ninduela zihero betetzen ikustia, beharbada. Edo dei bat... Kontua da erritmua mantsotzen hasi nintzala, buruari bueltak emoten, eta, batez be, neure barrura begiratzen. Ni neu zein naizen, neure buruari leiala izateko zela bizi biharko nintzaken eta barrutik pozik eta bakian bizi izateko zela jokatu biharko neuken.

Hor azaldu zan nere alde espirituala, eta zergaittik argi ez esan, Jaungoikua. Egixa esan beti egon da presente nere bizitzan eta uste dot inoiz ez dotela ezkutatu nere kristautasuna. Baina egixa be bada urte askotan elizatik aldendu samar bizi izan naizela.

Berriro elizara gehixago hurreratzen hasi nintzan, irakurtzen, ikasten... Umetan Arantzazun ikasi izanagaittik edo, frantziskotarrengana hurbiltzen hasi nintzan, ixa konturatu bare, modu naturalian, lanian eta ardura politikuetan murgilduta nenbilen bittartian. Hola jun zan Jaungoikuaren presentzia nere barruan biziagotzen eta hola sortu jatan hurrengo galderia: berrogei urte ingurukin badaka zentzua frantziskotar izan nahi izatiak?

Galdera horreri erantzun nahixan juan zan urtia Gasteizko frantziskotarren etxian emon neban eta oin Gileten (Valentzia) nago, Santo Espiritu del Monte izeneko komentuan, frantziskotarrekin nobiziadutza egiten. Bila jarraitzen dot jakina, zorionaren eta bizipoz sakonaren bila, poliki-poliki bidia egiñaz, nere barruan sentitzen doten deiari jarraittu eta erantzuna emon nahixan, ni neu naizenari eutsiz eta naizen horretatik. Eta gauzak ondo dirala abuztu bukaeran frantziskotar izateko pausua emongo dot.

Bake eta on, besarkada eta musu haundi bana danori eta bizi pozik!

 

Ilustrazioa: Pablo Galarrga.