iritzi-artikulua

Zergatik ez?

Erabiltzailearen aurpegia Maite Garmendia 2025ko ots. 9a, 12:00

Gaurkoan nire lagun bati gertatu zitzaion egoera bat azaltzera nator, eta nik uste herrian bati baino gehiago pasatu zaiola antzeko zerbait. Aurrekoan, herritik kanpo eskaintzen dizkiguten zerbitzuetako bat eskatzera joan zen, etxeko janari zerbitzua hain zuzen ere. Bertara deitu, eskaria egin eta helbidea galdetu ziotenean, honek Soraluze esan bezain pronto, erantzuna honako hau izan zen: “itxita gaude”.

Hala eta guztiz ere, kuriositate hutsez, establezimendu horretara hurbiltzea erabaki zuenean, harriturik gelditu zen jatetxea zabalik zegoela ikusita. Hori dela eta, bertan bizi den lagun bati galdetu eta egunean bertan zerbitzua eskatu zuela erantzun zion, arazorik gabe gainera.

Zenbat alditan gertatu zaigu Soraluzera zerbitzu horien eskaintza heltzea, buzoneo gisa, eta beraien zerbitzua eskatzea nahi dugunean ezezkoa jasotzea? Dena den, azpimarratu nahi dut herrian ditugun eskaintzak ez ditudala baztertzen, ezta gutxiesten ere. Betidanik eskatu ohi dugu (eta eskatzen jarraituko dugu) herriko taberna zein jatetxeetan, baina, kanpotik eskaintza ezberdinak heltzen zaizkigunean, maiz, ez dute haien hitza betetzen. "Soraluzera ez dugu eramaten", "Soraluzera? Ez." Zergatik?