Mundu osoan 473 milioi haur gatazka-eremuetan bizi dira

Erabiltzailearen aurpegia Maider Gabilondo

Milioika haurrek euren eskubide funtsezkoenak urratuta ikusten dituzte gerra garaian. Gaur egun, urraketa larri gehien Gazan, Burkina Fason, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Myanmarren, Somalian, Sudanen, Sirian eta Ukrainan, gertatzen ari dira.

"Barkaezina da haurrak erasotuak, bortxatuak eta erailak izatea, eta horren aurrean, gure kontzientzia jaiki gabe eta gure duintasun-zentzua hunkitu gabe mantentzea. Gure zibilizazioaren funtsezko krisia agerian geratzen da. Gatazka armatuek haurrengan duten eragina guztion kezka izan behar du, baita guztion erantzukizuna ere".

Graça Machel politikari eta aktibista mozambiketarrak esandako hitzak dira, Nazio Batuen Batzar Nagusian gatazka armatuek haurren bizitzan duten ondorioak argitara emateko egin zen lehengo txostenaren aurkezpenean, 1996an. Ia hiru hamarkada pasa dira Machelek munduari haurrek gerretan sufritzen dutena azaldu zionetik; zoritxarrez, oraindik ere UNICEFen datuen arabera, mundu osoko 473 milioi haur gatazka-eremuetan bizi dira, azken 75 urteetan baino gehiago.

"Barkaezina da haurrak erasotuak, bortxatuak eta erailak izatea"

Gaur egun, begi guztiak Gazara begira daude, bertan gertatzen ari den nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketak milaka haurren bizitzaren aurka egiten duelako zuzen-zuzenean.

Baina zoritxarrez ez da herrialde bakarra, badira beste eskualde asko gatazken ondorioz haurren eskubideen urraketak jasaten ari direnak. Gatazkak eragindako gosete edo erasoengatik hiltzen ari dira Yemen eta Txaden. Mauritanian, haur-ezkontzetara behartutako Maliko haur errefuxiatuak gehitzen ari dira. Afrika Erdiko Errepublikan, talde armatuek haurrak errekrutatu edo erabiltzen dituzte, eta familiek “sexua janari truke” eskaintzen dute. Edateko ura edo laguntza humanitarioa gerra-arma gisa erabiltzen ari dira, eta eskolak edo ospitaleak erasotzen ari dira Sudanen edo Gazan…

Egoera honen aurrean premiazkoa da mundu osoan BAKEA aldarrikatzen jarraitzea. Eta, bake hori iristen ez den bitartean, UNICEF bezalako erakunde humanitarioen lana bultzatzea, haur askoren bizitza eta eskubideak jokoan daudelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.