Pandemiak haurrentzako txertoak eskuratzeko zailtasunak eragin ditu mundu osoan. 2021aren amaieran, India eta Nigeria ziren txerto bakar bat ere jaso ez zuten haurren kopururik handienak zituzten herrialdeak. Datu oso kezkagarria kontuan izanda Nigeriak munduko haurren hilkortasun tasarik handiena duela -jaiotzen diren 1.000 haurretatik 111 hiltzen dira bost urte bete aurretik-, eta adibidez, Indian, 2021ean, 709.000 haur hil zirela (<5 urte).
Baina, txertoen eskuragarritasunaz gain, bada beste fenomeno kezkagarri bat: azken urteetan haurren txertoen garrantziaz gizarteak duen pertzepzioa gutxitu egin da herrialde gehienetan. Immunizazioa da osasun publikoko esku-hartze eraginkorrenetako bat, eta 3,5 - 5 milioi heriotza prebenitzen ditu urtero, besteak beste, difteria, tetanosa, kukurruku-eztul edo elgorriarengandik.
Txertoen aurreko errezeloa eta horrek sortzen duen desinformazioa dira populazio batzuek txertatze-tasa eskasak izatearen arrazoi nagusiak. Baina datuek argi eta garbi erakutsi dute txertoak eraginkorrak direla eta txertoek bizitzak salbatzen dituztela. Haur bati txertorik jartzen ez diogunean, haren bizitza eta osasuna arriskuan jartzen ditugu.
Arrazoi askorengatik, luzea litzateke denak azaltzea, baina hausnarketa batekin bukatu nahi nuke. COVID19-aren pandemian ikusi ahal izan dugu, herrialde aberatsenetan ere, osasun sistemek dituzten gabeziak izurriteei aurre egiteko. Ospitaleek ez dute baliabide nahikorik, ez dago behar adina ohe, ez osasun-langile, botika edo arnasgailu. Zer esanik ez herrialde txiroetan.
Hurrengo urteetan estaldura tasek gora egiten ez badute, hurrengo heriotza boladak hemen protagonista izan ditzake haurrak, elgorria, difteria edo gaur egun txerto batekin prebeni daitezkeen beste gaixotasun batzuekin.