Telelana, teleeskola… telezoramena

Erabiltzailearen aurpegia
Maider Gabilondo.

Drive, meeting, teams, Skype… eguneroko hiztegira ekarri ditu COVID-19ak. Isolamenduak denok murgildu gaitu teknologian. Adinekoak ere bideo deietan aditu bihurtu ditu. Berrogeialdiaren nobedadeen artean, telelana eta telehezkuntza dira protagonistak. Horri esker, hemen gabiltza, tarterik ere hartu ezinda, inora ailegatu ezinik.

Haurrak etxean daude eta haien zaintza antolatu behar da. Ez bakarrik zaintza, gainera urruneko klaseak eta etxeko lanak egin behar dituzte, eta horretarako laguntza behar dute.

Hezkuntzarekin jarraitzeak hainbat erronka ekarri dizkio hezkuntza sistemari eta bereziki familiei: gurasoen gaitasunak (ezagutzak, denbora…), baliabide teknologikoak (internet, ekipoak, programak…), etxeetako toki fisikoa, e.a.. Egoera horri aurre egiteko, kasu askotan, salbamena telelana izan da.

Telelana familia bizitza eta laboralaren kontziliazio politika ona da. Baina orain arte ez du ezarpen handirik izan. Izurritearen aurretik, datu ofizialen arabera, telelana egin zezaketen langileen %10ak ere ez zuen aukera hori erabiltzen. Egun batetik bestera, eta esperientziarik gabe, errealitate bihurtu zaie langile askori. Ez da astirik izan prestakuntza egiteko, ordutegiak antolatzeko edo ekipamenduak egokitzeko (lantokia, wifia…). 

Etxean egon beharrak eta digitalki lanetik deskonektatzeko ezintasunak eragotzi egiten du bizitza profesionala eta pertsonala banantzea, atseden hartzea, haurren zaintza, haien beharrei erantzutea edo norberarendako denbora izatea.

Horren ondorioz, telelanaren esperientzia nahiko kaskarra izaten ari da askorentzako. Horrek, adituen arabera, eragin handia dauka osasun psikologikoan. IESE Business School-eko ikerlari batek dio, espainiarren %40a baino gehiago "oso estresatuta" sentitzen dela osasun-larrialdi egoera honetan teleanarengatik, eta haurrak dituztenen kasuan %47a. Haur asko ere egoera hau pairatzen ari dira.

Zuk ere, oso estresatuta egon ez arren, ziur askotan pentsatu duzula egoera erotzeko modukoa zela. Esperientzia horren porrotaren arrazoiak asko izan badira ere, bi nabarmenduko nituzke: antolakuntza falta eta lan orduetan bete beharreko beste ardura guztiak (langile, zaindari, irakasle…). Nire ustez horregatik ez du funtzionatu.