Plaentxiako herrittar laztanori;
Negua iritsi da, elur eta izotz. Mendiak zuri daude eta egiten du hotz…
Laguntxuak, zelan juan da 2022xa? Entzun dozue gure ipuinik? Hasi zarie kantuak ensaiatzen? Bi urte kalejira barik egon eta gero, berriz beteko doguz kaliak kolorez! Guk eta Galtzagorrixek tximeletak sabelian jira-biraka dakaguz! Hain izaten da zoragarrixa goiz magiko hori! Kalejira, kantu eta dantzak… danak batera eta irribarrez.
Zapatuan, egunsentixakin batera, laguntzaile finekin, mendixan behera abiatuko gara. 11.00etarako Plaza Berri ingurua bete-betiak egon deila, eh! Haur, gazte eta heldu, danak ikusi nahi zaittuztegu kalia goxatzen! Jantzi zuen baserrittar erropa edarrenak eta koloreztatu kaliak. Gainera, galtzagorrixak be bertan egongo dira dantzarako prest!
Kaliak kantuz bete ostian, kiroldegiko frontoian epelian eukiko dogu aukera elkarrekin egoteko. Aurtenguan be Kukumixoko lagunek jolastxo batzuk ipiniko dozkuez, ilaran txandaka eta lasai ibili zaittezten. Lehenbizi txikitxuak eta gero gaztetxuenak etorriko zarie guregana, baina horretarako kaso egin hezitzaile eta gurasueri. Mikrofonotik abisatuko dotsue noiz dan ilaran jartzeko zuen txanda.
Bueno polittak, alkar zaindu eta laster arte! Bittartian, pozik bizi!
Maittasunez, Mari Domingi eta Olentzero
Abenduak 24, Mari Domingi eta Olentzerori ONGI ETORRIA
- Goizeko 11:00etan Plaza Berrian ongi etorria
- Ondoren, Kalejira herrian zehar gurdi eta idiekin! Galtzagorriek alaiturik.
- Musika eskolakoen laguntzaz, kantu ederrak abestuko ditugu!
- Kalejiran gurdiaren atzetik joango gara denok eta eskatzen dugu txikienei aurrean uzteko eta karrodunak atzerago kokatzeko, denok gozatu dezagun.
- Baserritar jantziekin etortzera animatu!
- Kalejiran kiroldegiko Frontoiraino joango gara, bertan egingo baita gutun banaketa.
- Antolaketa berria egongo da, eta batzuk ilaran dauden bitartean beste batzuk jolasean egongo dira. Megafoniaz, adinka deitzen joango gara.
- Txorixoa eta edaria dastatzeko aukera egongo da bertan, Kukumixoren eskutik.