Ludoteka eta Gazteleku zerbitzuak telematikoki eskaintzen dihardugu

Hilebeteko etenaldiaren ostean, herenegutik, Ludoteka eta Gaztelekuko hezitzaileek telematikoki dihardute zerbitzua eskaintzen. Helburua da ume eta gaztetxoen konfinamendua atseginago egitea.

Udalak eskatuta, Kukumixo Aisialdi Taldeak Udal-Ludoteka eta Gazteleku zerbitzuak online eskaintzeko modua prestatu dugu eta herenegutik, Miren Gallastegi, Arrate Espilla, Naiara Kortabarria eta Nerea Fayanas hezitzaileek telematikoki dihardute lanean. 

Ludoteka: proposamenak astean hirutan

Ludotekari dagokionez, hezitzaileek astean hirutan (astelehen, asteazken eta ostiraletan, goizeko 11:00ak aldera) helaraziko dizkiete jarduera-proposamenak ume eta gurasoei, Whatsapp aplikazioaren bitartez: eskulanak, errezetak, jolasak, esperimentuak... Eta ondoren, egin dutena argazki edo bideo bidez jaso eta bidaltzeko eskatuko diete, astelehenero gainerako lagunekin partekatzeko. Informazio guztia Ludotekaren blogean zintzilikatuko da eta baita Udalaren webgunean ere. Horrekin batera, edukiaren zati bat Facebook bitartez ere zabalduko dute. Hezitzaile eta erabiltzaileen arteko harremanetarako ez da ordutegi zehatzik ezarri. Gaur egun, Ludotekan, 147 ume daude erabiltzaile moduan izena emanda. 

Gaztelekua: proposamenak astean behin

Gaztelekuan, funtzionamendua antzekoa izango da, baina Gaztelekuko gaztetxoei astean jarduera-proposamen edo helburu bakarra helaraziko diete WhatsApp bitartez, astelehenetan. Hori bai, Gaztelekuko gaztetxoek astean behin hezitzaileekin bideo-konferentziaz jarduteko aukera izango dute. Nahi duenak, jarduerak hezitzaileekin batera landu ahal izango ditu aurrera, ostiraletan, 5etatik 7etara, Jitsi aplikazioaren bitartez egingo den bideo-konferentzia kolektiboa baliatuta. Hezitzaileek argazki eta bideoak bidaltzeko eskatuko diete gaztetxoei, astelehenetan denen artean partekatzeko. Informazio guztia Gaztelekuaren blogean zintzilikatuko da eta baita Udalaren webgunean ere. Horrekin batera, eduki batzuk Instagram eta Facebook bitartez ere zabalduko dituzte. Hezitzaile eta erabiltzaileen arteko harremanetarako ez da ordutegi zehatzik ezarri. Gaur egun, Gaztelekuan, 47 gaztetxo daude erabiltzaile moduan izena emanda.