Zarauzko jolas-festara goaz, eta zu bazatoz?

Amaraunak, EHko aisialdi taldeen arteko sareak, Jolasaz hezi kalea bizi jaialdia antolatu du Otsailaren 21ean Zarautzen. Sare horretako kide garen herriko Kukumixo Aisialdi Taldekoak antolakuntza lanetan buru belarri ari gara eta egun pasa joateko autobusa antolatu dugu herriko haur, gazte, guraso eta gainontzekoentzat.

Kartela egitaraua

 

Baina zer da Amarauna?
Amarauna Euskal Herrian, hezkuntza ez formalean, haur eta gaztetxoen aisialdian, euskara eta euskal kultura ardatz izanik, balioen hezkuntza sustatzeko lan egiten dugun aisialdi talde, eragile, elkarte, edo bestelako eragileen arteko sarea da. Sarean batzen garen elkarteak Euskal Herri euskaldun, kritiko, aske eta aktibo batean sinesten dugu. Eta horretarako lantzen dugu hezkuntza ez formalaren baitako haur eta gazteen aisialdi esparrua. Sareko kide da Soraluzeko Kukumixo Aisialdi Taldea ere; eta jaialdiaren antolakuntza eta sustatzaile lanetan murgilduta gaude azken hilabeteetan.

 

Zergatik, Amarauna jaialdia?
Jaialdiaren bidez Amarauna sarea ezagutarazi eta proiektua zabaldu nahi dugu, batipat. Hezkuntza ez formalari dagokion garrantzia ematea da Amaraunaren helburu nagusietako bat eta hizki larriz idatzitako Hezkuntza ere badela aldarrikatu nahi dugu.

 

Horrez gain, Amaraunaren helburua saregintza ere bada. Bide horretan, gaur gaurkoz sarean biltzen garen talde eta elkarteen arteko harremana sustatu nahi da jaialdiaren bidez, taldeetako kideak batzeko eta elkarrekin egoteko bestelako eremu bat sortuz, jai giroan.

 

Jolasez hezi, kalea bizi jaialdia
Jolasa. Jarduera liluragarria da. Hunkitu egiten gaitu. Plazerezko ekintza da eta gauzak, bidea, aurkitzen eta esperimentatzen laguntzen du. Sormen iturri da. Ume eta gaztetxoen jardun nagusia da jolastea, bizitzen ikastearen zutabe da, finean haurtzaroaren kulturaren funtsa da. Jolasa. Baina jolasari duen balioa kendu zaio, mundua behatu eta harremanak sortzeko balioa hain zuzen. Eta horrekin batera espazioa, lekua, ere kendu zaio. Kaletik atera da jolasa.

Kalea berreskuratu nahi dugu beraz, jolasarentzat eta ondorioz herritarrontzat. Jolasa kalera atera beharra aldarrikatzen dugu, haur eta gazteak kalean jolastu, bizi eta hezi daitezen.

 

Egitarau oparoa
Egitarau mundiala antolatu dugu otsailaren 21erako. Eguerdiko 12.00etan txupinazioarekin hasiera emango diogu Gaztelekuko guneari. Ostean Irrien Lagunak-en emanaldi berezia ikusteko aukera izango dugu. Egun guztian zehar, gunez gune jolasean aritzeko parada izango da; puzgarrietan, sormena astinduz tailerretan, jolas libreen txokoan nahiz artisauen txokoan. 14.00ak bueltan bazkari herrikoia egongo da eta ostean aukera bikoitzak: Ipuin Kontalaria eta Bertso Show-a.

 

Gazteguneko egitarauari Erromeria parte hartzaile batekin emango zaio bukaera. Eta 19.00ak inguruan, kalejiran abiatuko gara Putzuzulo Gaztetxera. Bertan, bokata goxo-goxoek lagunduta kontzertu ugari izango ditugu gure gozagarri: Uluka, Lau Katu, Bidelapurrak eta Atxurre.

 

Izen emateko zer egin behar da?
Kukumixoko kideak irrikitan gaude eguna iritsi eta jolasean gozatzeko. Baina zuek ere gurekin etortzera animatu nahi zaituztegu! Guraso, haur, senide, gazte... guztiok gozatzeko moduko eguna antolatu dugu! Eta gainera joan etorria autobusean egiteko aukera izango duzue, Soraluzetik bertatik.

 

Izen emateko, otsailaren 19a izango da azken eguna. Ordura arte Iratxo Goxo Dendan edo Pil Pilean Euskaldunon Elkartean izango duzue aukera. Helduentzako autobusa eta bazkaria 20€ izango dira eta haurrentzat, berriz, 10€.

 

Irteera, otsailaren 21ean 11.00etan egingo dugu Estazio kaletik eta buelta berriz, 19.00etan Zarautzetik.

 

Soraluzetarrak gurekin jolas artean gozatzera animatu nahi ditugu! Beraz, ez izan zalantzarik; zatoz gurekin egun pasa ederrera!