iritzi-artikulua

Atxikimenduaren b(a)soetan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Fernandez Conde 2025ko mar. 22a, 12:00

Gaur Peiok amari galdetu dio, negarrez. Ez du erantzunik jaso. Atzo Brahimek aitari eskatu zion, oihuka. Ez zuen erantzunik jaso. Bihar Ireberrek amatxoren arreta jasotzeko ahaleginak egingo ditu, hanketan joz. Ez du erantzunik jasoko. Hutsune bat. Krater bat. Eta bat-batean, Big Banga. Irtenbiderik bilatu ez duten emozio edo energia guztiek eztanda egin, eta koadro elektriko bat balitz bezala, burmuinaren argi indar guztiak amatatu egiten dira. Atzera bueltatu ezinda. Argirik gabeko munduan murgilduz.

Zein zaila den hainbeste maite ditugun pertsonen besoetan lokartzea, lasaitzea, sentitzea. Hain gertu eta hain urruti. Umetxoak gurasoen besoak baso hotz eta ilun bilakatzen dituenean, etorkizuna utopia izango balitz bezala irudikatzen du, antsietatearen lehen sintomak sentiaraziz eta bere nortasunaren haziak ustelduz. Euskadin, 1.347 adingabe daude babespeko zentroetan bizitzen eta horietatik 62 6 urtetik beherakoak dira. Guztiak harrera hartzeko zain daude, familia baten esperoan. Teknikoen babesean egunerokotasunaz jabetzen, baina etxearen usaina, beroa eta maitasun faltarekin amesten, egunero, gauero, betiko. Azalean tatuatu den iragana beste modu baten margotzen ikasten.

Erizain laguntzaile moduan, Psikiatriako unitate batean lan egiteko aukera izan nuen eta bertako egoiliarrek, gazteak gehienak, familiarekiko atxikimendurekin arazoak izan zituzten; jaio aurretik (sabelean) edo jaio ostean. Era arrunt baten esanda “bizitza gogorrak” izan zituzten bizitzako lehen etapetan eta, orduz geroztik, bizi beharrean, bizirauten igaro dute euren ibilbidea.

Bizitza gogorrak izan zituzten bizitzako lehen etapetan eta bizirauten ibili dira

Urteotan asko ikasi dugu etorkizuneko umeak hezteko eraz, baita hezkuntzak gaur egungo gizarteak eraldatzeko dituen aukerez, baina begira inguru hurbilenera… Ume, nerabe edo gazte izatea ez da batere erraza. Ezta guraso ere. Horregatik minduak izan diren pertsona hauen testigantzak ezagutzea ezinbestekoa da. Zelako lan gogorra. Zauri baten antzera kutsatuta dauden testigantzak entzutea. Eta ulertzea.

Egoera normatiboetatik ihes egiteko ahalegina egin behar dugu. Erronka pertsonal bat izango balitz bezala, hori ere baita auzolana. Parean dugun egoera ulertu eta errespetuz entzun, epaitu gabe. Gero eta gehiago entzuten den “tribu” hitza barneratuz.

Badaude irtenbiderik ez duten arazo sozioekonomiko edota emozionalak, baina komunitate sano batentzako ez daude konpondu ezin diren arazoak, beste modu batean egokitu ahal diren irtenbideak baizik. Hau guztia badakizu. Badakigu. Soilik bestearekin konektatzen falta zaizu.