Iritzi-artikulua

Euskaraz denak, arima guztiak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Fernandez Conde 2024ko mar. 17a, 16:08

Juan Fernandez.

Erresilientzia eta biok elkar maitemindu ginen kurtsoa errepikatu eta nire gaur egungo kuadrillan lehen hitzak euskaraz esan nituenean. Ama hizkuntza erdara eta testuinguru oso bat gaztelaniaz eraikia. B eredutik D eredura. Motxila bat suspentso eta dozena bat arrautza ahoan, hitz formatuan, zein lehertuko den lehenengo. Aditza, perpausa eta ziripausa. Untxia, urtxintxa eta marurioa. Erratzen nintzen hitz jarioarekin odolki dezente egiteko aukera izango zuen herriko harakinak. Agian egin zituen? Nik zer dakit.

Egia esan, ez nekien ezer. Komunikatzeko eta zentzuz pentsatzeko gaitasun guztiak galdu nituen. Erdaraz eginez gero, mobidak lagun artean. Euskaraz eginez gero, barreak gehienetan. Zer demontre. Isilik hobe! Nortasuna eraiki beharrean, deseraikitzen.

Baina bat-batean pertsonak agertzen dira. Eta irakasle gutxi, "bat". Eta nerabezaroaren motibazioaz baliatuta, zure burua hezkuntzaren igerileku hutsera botatzen duzu eta zure ekarpena egiten duzu elkarrizketa baten; euskaraz. Gaizki, oso gaizki. Blokeo bat. Blokeo bi. Blokeo hiru. Pertsona horien aurpegian ikusten duzu hori gaizki, oso gaizki, esanda dagoela. Eta barreak espero dituzu, jada sentitu ere bai. Baina ez daude, ez dago ezer. Zulo beltz bat. Irentsi nazazu, zulo. Baina elkarrizketak normaltasunez jarraitzen du. Orduan ez nekien, baina horrelako errespetu detaileak lotsaren aurkako txerto bat jartzea bezain potenteak izan ziren. Hortik aurrera, komeriak. Baina gaurko egunera eraman nauten "ziripausak", "trapuskak" eta "txirimistak" dira horiek, gaur egun euskaraz idazteko eta bizitzeko aukera eman didatenak.

EZ ETSI, LAGUNA. EGUNEN BATEAN KAPAZ IZANGO ZARA EUSKARAZ BIZITZEKO, EUSKARA MAITATZEKO

Egunerokotasunean hitz, esaldi edo azalpen bat euskaraz hasi eta erdaraz bukatzeko aukera eman didatenak, jakinda ahalegina dela euskara egiten duena. Oso argi daukat nundik natorren eta euskararen gramatikaz baliatuta, San Andresera heltzen banaiz, gaztelaniaz, seguruenik, Karakatera helduko nintzatekeela. Baina, zein ederrak diren San Andreseko lagunarteko bazkariak, pilota partidak, jaiak... Euskaraz denak, arima guztiak. Zein polita den euskaraz jakitea. Eta jakintza hori zaintzea. Eta zaintza horretaz kontziente izatea. Ez etsi, laguna. Egunen batean kapaz izango zara euskaraz bizitzeko, euskaraz mintzatzeko eta euskara maitatzeko.