Ba al dakigu hitzak erabili gabe, beste modu baten komunikatzen? Zertarako gorputza? Bota dezagun adibide bat; bertsolari batek hitzak dantzan jartzen ditu. Dantzari batek hitzak mugimenduaren bidez adierazten ditu. Bi diziplina hitzekin jolasean. Zein da modurik egokiena pertsona gazte edo nagusi batekin komunikatzeko? Jakina, hitzak soilik ez dira.
Gure gizarteak ez du isiltasuna onartzen. Isiltasuna, gehienetan, deserosoa da eta normala ez den egoerekin lotzen dugu. Ez dakigu isiltasunean bizitzen. Ez dakigu isiltasunean elikatzen, ezta isiltasunean lorik egiten. Zarataren zale amorratuak gara. Zaratan bizi eta zaratan hezten gara. Zarata lasaitzeko, zarata seguru sentitzeko. Zarata desagertuko balitz, zarataren umezurtz sentituko ginen eta horregatik, gehienetan, ezin dugu isiltasunean bizi den pertsonarekiko enpatia sentitu. Baina, begiradak zertarako? Laztanak zertarako? Pertsona baten ahotsa ez entzuteak urduri jartzen gaitu eta indarrez behartzen dugu berba egitera, bestearekiko isiltasunaren beldurrez eta horrek isiltasuna eskatzen dizun pertsona horrengandik urruntzen zaitu.
Esaterako, zuhaitzek basoekin duten konexioa, pertsona gazte eta edadetuen arteko metafora izan daiteke. Biak, momentu intimoetan isiltasun aktibo baten bizi dira, errespetuz, bakoitza bere bizitzaren etapa ulertzen saiatzen eta bizitzen ulertzen. Argi dago badagoela komunikatzeko beste modu bat. Alegia, isiltasuna komunikatzeko beste modu bat izan daiteke. Hitzik gabe gelditzen garenean, emozioarekin gertutasuna sentitzen dugu. Kasualitatea? Hitzen bidez komunikatu, zaratan disfrutatu, baina isiltasunean emozionatu gaitezen, bestea ulertzeko, mundua bizitzeko, bizitza sentitzeko.