Katuarena

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Oregi 2024ko abe. 25a, 13:11

Gauez izarrak teilatuetan saltoka
ñir-ñir zuhaitz adarretan
kale bazterretan korrika,

Zer dira ba izar bihurriak?
izar usoak ez, izar katuak bai,
zer dira ez badira katuen begiak?

Katu beltzak gauean ikusezin
argi printzak, hauts magiko
historia bihur dezagun ipuin.

Amamaren amamak kontatu omen zion amamari behin Plazentzian gertatutakoa: Mari izeneko neskatila batek katua eraman nahi zuen etxera, familiako parte izan zedin. Temoso zebilen gaiarekin, beti purrustadaka, katua nahi zuela eta ez zuela besterik nahi. Haren amak, berriz, katuei sekulako beldurra zien eta ez zuen etxean katurik nahi. Uste zuen katuak emakume bihurtzen zirela gauez, eta emakumeak katu. 

Behin, ama-alaba kaletik zihoazela katu beltz batekin egin zuten topo. Han zegoen katua esmeralda koloreko begi bi haiekin, laztan eske baina mesfidati, mimo zale baina ihes egiteko prest. Mari hurbildu egin zitzaion amaren gogoz kontra, eta katua laztantzen hasi zen. Bat-batean, baina, katuak harramazka egin zion eta eskua zauritu zion. Ama garrasika batean hasi zen alabari katuarengandik urruntzeko eskatuz. Zatoz, alde hortik, fu-fu katu txarrixa!! Baina alabak ez zuen hanka egin, katuaren ondoan geratu zen, ausart, lasai. Katua ere hantxe, ez aurrera eta ez atzera. Mari, irribarrea ahoan, berriro ere katua laztantzen hasi zen. Ama zur eta lur geratu zen alabak erakutsi zuen adoreagatik, baina batez ere katuak oraingoan ez ziolako zer txarrik egin alabari. Kontrara, Mariren laztanak esker onez jaso ondoren zauria miazkatzen hasi zitzaion erabat sendatu zuen arte. 

Amak zera ikasi zuen: bizitzan, batzuetan, bigarren aukera bat ematea zilegi dela.

Katua etxera eraman zuten eta ondo zaindu ere. Katua eurekin bizi izan zen zahar-zahar egin eta hil zen arte. Harrezkero, esaten dute dutelako esaten, ama-alaba erdi sorgin bihurtu zirela eta katu beltz bihurtzen direla gauetan Plazentziako gainerako katuekin dantzan egiteko, teilatuetan salto, ñir-ñir zuhaitz adarretan eta kale bazterretan korrika.

Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Plazentziako zubian!