Gustavo igelaren kronika

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Oregi 2024ko urt. 12a, 12:52

Haurrengan guztiak du erabateko eragina eta onura eta kalteak betirako geratuko zaizkie txertatuta, gertaera txotxoloenak zein zauri lazgarrienak. Raquel Castels lagunak orain gutxi helarazi zidan Palestinan berak egindako dokumentala. Lotura estua du hango biztanleekin, eta duela hamar urte Israeldar polizia eta armadak atxilotutako haurren inguruko lana plazaratu zuen. Ordu eta pikuko dokumentala. Testigantza ematen duten haur eta gaztetxoek bizitako esperientzia beldurgarria da, hamar urte beranduago haietakoren bat Hamaseko kide basatienetakoa bihurtu zitekeela irudikatzeraino.

Muturreko esperientzietatik gurera hurbilduta ere aurkitzen dugu nahikoa motibo kezkatuta bizitzeko. Azken boladan kritikak hauspotu ditu, esaterako, haurrek pornoa kontsumitzeko duten erraztasunak, batez ere porno eredu jakin bat non emakumea objektu huts eszenaratzen den. Edo eta sare sozialetan hain sarria den biolentzia, iraina eta kalapita.

Eta hurbilagora bagatoz, zer eragin du haurrengan gurasoak erretzen edo mozkortzen ikusteak naturaltasun osoz? Edo nola iraintzen dugun hurkoa ideia ezberdinak izanagatik? Edo edozein injustiziaren aurrean nola kikiltzen garen konturatzen direnean? Ze eragin du haiengan bizitzari aurre egiteko kapaz ez garela jabetzeak? Zahar egoitzak lepo daudela ikusteak? Kalean eskean ari denaren aurretik lasai antzean pasatzeak? Ez ote diren adibide hauek aurrekoak bezain muturreko…

Eskerrak samurtasuna ere baden, laztana, esker ona, konplizitatea, solidaritatea, errespetua, eskuzabaltasuna, barre eta algara, maitasuna eta Jim Heson!

Haren beste esaldi bat bukatzeko: "Errazagoa da ezkorra izatea, ziniko bat izatea, eta munduaren suntsipena iragartzea hura hobetzeko saiakera egitea baino. Eta guk azken hori egiteko betebeharra dugu." Ezingo diogu arrazoi ukatu.