Maileguan lagatako begiak

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Oregi 2018ko ots. 7a, 14:04

Jokin Oregi. Argazkia, Euskal Aktoreen Batasuna.

Egunerokoan, ustez epika gutxiko eremuetan, trebetasun handiz murgiltzen da idazlea eta gu guztiontzako harribitxi ugari ekartzen dizkigu. Ez al da hori “artista” bati eskatu dakiokeena? Sarri irudikatu izan dut artista urre bila ibiltzen zirenen antzera, nolabaiteko galbahea eskutan, errealitatean ezkutatzen diren urre-koxkorrak azaleratuz, guztion begi-bistan utziz: jakituriaren altxorra, mundu zoro, krudel, eder eta konplexu honetan duintasun amini batez bizitzeko “metal” preziatua.

Patxadaz begiratzea, zaila

Begirada zorrotza du Rodriguezek, bizitzari so egiteko molde berezia eta, batez ere, bizitzari “so” esateko gaitasuna, une batez gera dadin kieto eta azter dezagun, arretaz, presarik gabe, ñabardurei erreparatzeko denbora nahikoaz. Bere begiak uzten dizkigu, haiekin orain arte susmopean genuena argi ikusteko, pertsiana jaso eta ilunetan zeuden altzarien eta haietan eserita dauden gizakien presentziaz jabetzeko. Izan ere, hor daude pertsonak, besteak, askotan ez ikusiarena egiten badugu ere. Ze zaila egiten zaigun besteei gutxieneko patxadaz begiratzea, haien berri jakin nahi izatea. Badugu hurkoa mamu bihurtzeko berezko joera bat, onenean beldurgarri, txarrenean ikusezin.

Zaintza

Zaintzaz ari da idazlea, zahartzaroaz, maitasun agortuez, bizirik sentitzeko egiten ditugunez, norberaren miseriez, kostatako elkartasunaz, elkartasun eder horretaz; ezeri gorazarrerik egiteke, heroien epikatik aldenduta, prekarietatean duin, aldarrikapenean sendo. Bai, badago hautu ideologiko bat, begirada zorroztea norbera ere zorrotz aztertzeko, konplexutasunak biluzteko, konplexurik gabe. Pertsonaiak hari fin baten gainean dabiltza, ekintza arruntenak egiten ikusten baditugu ere, idazleak uneoro gogorarazten digu azpian ez dagoela sarerik. Hortxe dago idazlea, hotxe gu hark maileguan emandako begiekin, bizitzako hondakinen artean loratzen, usteltzen, berpizten eta berhiltzen diren Ixabel, Maialen, Iñaki, Claudia, Clemente, Sara, Jone edo eta Urkori begira. Hurkoari begira.

Liburua irakurri berritan, Margot eta ezkontza (Margot at the Weeding) filma ikustea egokitu zitzaidan. Noah Baumbachek idatzi eta zuzendutako filma da. Eta pentsatu nuen zeinen ikusmolde beretsukoak izan zitezkeen liburua eta filma. Baina…barkatuko didazue atrebentzia, gaurkoz gomendio bakarrarekin nahikoa, ala?